Urola Kostako 57.645 herritarrek eman ahalko dute boza igandean

Nerea Uranga 2020ko uztailaren 9a

Gipuzkoan hamalau hautagai zerrenda aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. Koronabirusak eragindako egoerarengatik, igandean botoa ematera maskara jantzita joan beharko da. Segurtasuna bermatzeko, hainbat hauteslekutan aldaketak egin dituzte.

Igandean Eusko Legebiltzarrerako ordezkariak aukeratzeko hitzordua izango dute Urola Kostako bizilagunek. Hautesle-erroldaren arabera, 57.645 herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea eskualdean. Guztira, 1.718.323 herritar daude deituta igandean botoa ematera Euskal Autonomia Erkidegoan.

Gipuzkoan hamalau hautagai zerrenda aurkeztu dituzte igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako: EAJ, EH Bildu, PP-Ciudadanos, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU, Pacma, Recortes Cero-Grupo Verde, Bidezko Mundurantz, Euskadiren Aldeko Libreak, Equo Berdeak, Aulki Zuriak, Vox, UCDE eta Alderdi Libertarioa.

2016ko irailaren 25ean egin ziren azken Eusko Legebiltzarrerako bozak. Orduan, Urola Kostan boto gehien EAJk lortu zituen: 15.408. Bigarren indarra, berriz, EH Bildu izan zen, 13.473 bozekin. 3.628 botorekin, Elkarrekin Podemos izan zen hirugarren bozkatuena. Haien ostean, 2.059 boto lortu zituen PSE-EEk. Parte hartzea %64,46koa izan zen.

Ezohiko egoeran eta neurriekin
Koronabirusak eragindako egoerarengatik, ezohiko babes eta segurtasun neurriak hartuko dira igandean Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako.
Botoa emateko orduan maskara erabiltzea, tartea zaintzea eta eskuak garbitzea izango dira betebeharreko neurri nagusiak. Gainera, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aholkatu du botoa etxetik prestatuta eramatea.

Aldaketa horiez gainera, beste batzuk ere izango dira. Botoa emateko garaian, hautes mahaian identifikatzeko orduan, bakoitzak bere izena esan beharko du altuan, eta mahaiko kideek ezingo dute eskuetan hartu boto emailearen nortasun agiria. Hauteslekuetarako sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoa jarriko dute. Horrez gainera, maskarak jarriko dituzte, ahaztuta botoa ematera joaten diren hautesleentzako.

Hauteslekuetan jende pilaketak saihesteko, hainbat udalerritan mahaiak gehitu edota tokiz aldatu dituzte, mahaitik mahaira segurtasun distantzia bermatzeko.

Zumaian, esaterako, Aitzuri pilotalekuan eta Oxford aretoan eman beharko dute botoa hautesle zumaiarrek.

Azkoitian, botoa emateko ohiko lekuak egokituko dituzte: Xabier Munibe Ikastola, Aizkibel liburutegia, Elkargunea eta Torre Zuri. Halere, hainbat aldaketa egingo dituzte segurtasun gomendioak betetzeko. Torre Zuri erakustokian hiru mahai jarri ohi dituzte hauteskundeetan, baina koronabirusa dela-eta hiru mahai horietatik bakarra mantenduko dute erakustokian. Gainerako bi mahaiak Berdura plazan jarriko dituzte.

Azkoitian beste aldaketa nagusia Aizkibel liburutegiko hauteslekuan egingo dute. Orain arte lehen solairuan jarritako hiru mahaietan ematen zuten botoa herritarrek, baina igandean bi solairu egokituko dituzte liburutegian. Bi mahai lehen solairuan jarriko dituzte, eta goiko solairuan bestea.
Zarautzen, berriz, botoa normalean Lizardi Institutuan ematen duten hautesleek oraingoan institutuaren alboko pabilioi berrian eman beharko dute. Ikastolan bozkatu ohi dutenek, berriz, ikasgeletan egin beharrean, ikastetxearen gimnasioan emango dute botoa. Bestalde, Orokieta ikastetxeko hautesleek ikasgeletan bozkatu beharrean, patioko pilotalekuan emango dute botoa.

Posta bidezko botoa
Herritar batzuk, baina, ez dira bozkalekuetara joango. Posta bidezko botoa areagotu egin da. Hain zuzen ere, 125.255 hauteslek —erroldatuen %7,3k— eskatu du era horretara botoa ematea. Gipuzkoan 32.074 herritar izan dira posta bidez botoa ematea eskatu dutenak. Igandean egingo diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetar, guztira, 1.718.323 herritar daude botoa ematera deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide