Eskualdeko hainbat lagun, Eusko Legebiltzarrerako bozetarako hautes-zerrendetan

Julene Frantzesena 2020ko ekainaren 17a

Uztailaren 12an izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta Gipuzkoan hamalau alderdi aurkeztu dira bozetara. Horiek dagoeneko argitaratu dituzte hautesleen zerrendak. EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen zerrendetan badira eskualdeko herritarrak.

Hilabete baino gutxiago falta da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako, eta dagoeneko hasi dira alderdiak bozetarako prestatzen. Duela aste batzuk zabaldu zuten posta bidezko botoa emateko epea, egunotan egin dituzte hauteskundeen egunean mahaietan izango diren kideak erabakitzeko zozketak herriz herri, eta gainera, dagoeneko argitaratu dituzte hautes-zerrendak. Hain zuzen ere, atzoko Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu zerrenda horiek.

Gipuzkoan hamalau alderdi aurkeztuko dira bozetara, 2011n baino lau gehiago: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE-EE, PP+Cs, PACMA, Libres por Euskadi (LXE), Aulki Zuriak (AZ), Bidezko Mundurantz (PUM+J), Equo Berdeak Euskadi, VOX, Union Cristiano Democrata Española (UCDE), Recortes Cero-Solidaria-Los Verdes eta Alderdi Libertarioa. Zerrenda horietan eskualdeko hainbat lagun aurkeztu dira.

Alderdiek aurkeztu dituzten zerrendaburuak ez dira Urola Kostakoak, baina atzeragoko postuetan badira eskualdeko bizilagun batzuk. EAJren zerrendan, adibidez, bigarrena da Maria Eugenia Arrizabalaga zumaiarra, eta laugarrena Arantxa Tapia Zumaiako bizilaguna. Garikoitz Mendizabal zestoarra hamahirugarrena da zerrendan, eta Xanti Gurrutxaga Azpeitiko bizilaguna hemezortzigarrena. Jon Andoni Urdangarin zarauztarra, berriz, zerrendako 24. postuan ageri da.

EH Bilduren zerrendan ere badira eskualdeko herritarrak. Hain zuzen ere, hemeretzigarrena da Nekane Zinkunegi errezildarra. Aldiz, ordezkoetan dira Ane Arruti zarauztarra eta Aritz Arzallus azpeitiarra. Elkarrekin Podemoseko zerrendan hamalaugarrena da Ubaldo Ortiz zarauztarra, eta PSE-EEren zerrendako zortzigarrena Gloria Vazquez zarauztarra eta Ana Priede oriotarra hamargarrena.

2016an egin ziren azkenengoz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta 25 eserleku izan ziren jokoan Gipuzkoan. Horietatik bederatzi EAJk eskuratu zituen, zortzi EH Bilduk, hiruna Elkarrekin Podemosek zein PSE-EEk eta bi PPk. Eskualdeko herritarrik ez da izan amaitzear den legealdian Eusko Legebiltzarrean, baina Zumaiako bizilaguna da Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide