Eskualdeko langabezia tasak gora egin du maiatzean ere

Julene Frantzesena 2020ko ekainaren 9a

Eskualdeko langabezia tasak gora egin du maiatzean ere. Apirileko tasa %9,1 zen eta maiatzekoa %9,4. Maiatzaren bukaeran, 3.555 lagun zeuden lanik gabe Urola Kostan, Lanbidek emandako datuen arabera.

Osasun krisialdia ez ezik, ekonomian ere ekarri ditu ondorioak koronabirusak. Azken hilabeteetan gora egin du langabezia tasak Euskal Herriko txoko gehienetan, eta Urola Kostan ere bai. Maiatzean ere joera berretsi egin da, eta 0,3 puntu egin du gora tasak: hain zuzen ere, maiatzeko datuen arabera, %9,4 da eskualdeko langabezia tasa.

Urola Kostako langabezia tasa Gipuzkoakoaren (%10,9) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%13,2) azpitik dago. Eskualdeko ia herri guztietan egin du gora langabeen kopuruak maiatzean, eta guztira, 3.555 lagun ziren lanik gabe hil horren hondarrean, apirilean baino 108 pertsona gehiago.

Honako hauek dira Urola Kostako herrietako langabezia tasak: Aia %7,1 (apirilean, %6,5); Aizarnazabal %13,2 (apirilean, %13,4); Azkoitia %9,9 (apirilean, %9,5); Azpeitia %9,9 (apirilean, %9,4); Beizama %8,5 (apirilean, %6,8); Errezil %6,7 (apirilean, %5,7); Getaria %8,1 (apirilean, %7,7); Orio %9,9 (apirilean, %9,5); Zarautz %9,3 (apirilean, %9,1); Zestoa %9,5 (apirilean, %9); Zumaia %9,1 (apirilean, %8,9).

Datu horien arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena, baina aldi berean horixe izan da tasak maiatzean zertxobait behera egin duen herri bakarra. Aldiz, apiriletik maiatzera igoera nabarmenena izan duten herriak Errezil, –apirilean baino bi langabe gehiago–, Beizama –langabe bat gehiago–, Aia –sei langabe gehiago–, Azpeitia –31 langabe gehiago– eta Zestoa –zortzi langabe gehiago– dira, aldeak alde. Eskualdeko tasa (%9,4) gainditzen duten herriak, berriz, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Orio eta Zestoa dira.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide