Ostalarien ordutegietan ere aldaketak izango dira bigarren fasean; udal bakoitzaren eskumena izango da ordutegia zehaztea. Aian, alarma egoera ezarri aurretik indarrean zen udal ordenantza aplikatuko dute aurrerantzean. Orion ere gauza bera egingo dutela azaldu du udalak. Era berean, duela urte batzuetatik indarrean diren ostalaritza guneen eta terrazen udal ordenantzei helduko dio Azpeitiko Udalak.
Getarian malguak izaten ari direla esan du Haritz Alberdi alkateak, ostalaritzari laguntzeko. Dena den, "oreka" aurkitzea garrantzitsua iruditzen zaio Alberdiri: "Ez ditugu ordutegietan murrizketa handiak egin nahi, baina alarmaren aurreko ordutegietara itzultzerik ere ez dago. Oraingoz, oreka horretan gabiltza, eta ez dugu arazorik eduki".
Zarauzko tabernetako terrazek ordenantzako ordutegia errespetatu beharko dute. Bakoitzak bere lizentzian ordutegi jakin bat dauka, dagokion zonaldearen araberakoa. Adibidez, asteburuan malekoiko hainbat terraza 02:00ean itxi dituzte, eta horrek zeresan ugari eman du sare sozialetan, ustez 23:00ak arte zegoelako ordu muga. Baina udalak ordutegiak finkatzeko aukera du, eta ordenantzakoak aplikatu dizkie ostalariei.
Errezilen, 23:00ak arte izango dute ostalaritza guneak zabaltzeko aukera. Aizarnazabalen ere ordutegi hori mantenduko dute oraingoz, baina gaur egingo dute gai hori aztertzeko bilera.
Zestoan, ordutegiak ez dira leheneratuko oraindik, eta hauek dira ezarri dituztenak: astelehenetik ostiralera, 06:00etatik 00:00etara, eta zapatu eta igandeetan 01:30era arte.
Azkoitian, aste honetan, astelehenetik ostegunera 23:00ak arte zabaldu ahalko dira terrazak, eta ostiralean eta larunbatean, 00:00 arte. Ekainean, berriz, udako ordutegian sartuko dira: astegunetan 00:00 arte ireki ahalko dira, eta asteburuan, 01:00 arte. Bestalde, taberna barruak, lizentziaren arabera, lehengo ordutegira itzuli ahalko dira aurrerantzean.
Zumaiako udalak ez du oraingoz ordutegirik jakinarazi.