Eskualdeko sortzaileen adierazpenak greba digitalaren aurrean

Aritz Mutiozabal 2020ko apirilaren 16a

Iraia Elias aktorea. (Aritz Mutiozabal)

Iraia Elias: "Asko eta asko geratu gara inolako diru sarrerarik gabe"

"Ez dugu ahaztu behar kultura lanbide bat dela, nahiz eta batzuetan hobbyarekin nahasten den. Berez, nahiko prekarizatuta dagoen lanbide bat bada, berrogeialdiaren kontu honekin lehenak izan gara lan egiteri utzi diogunak eta, zoritxarrez,azkenak izango gara lanera itzultzen. Gure jarduna jendearekin da, eta jendea elkartze horrekin dago lotuta egoera hau. Honek eragin potentea dakar guretzako.

Kultur arloan lanean dabilen jendea oso ezberdina da; batzuk soilik honetatik bizi gara, eta beste batzuk beste jarduera batzuk ere koordinatzen dituzte. Baina argi dagoena da asko eta asko geratu garela inolako diru sarrerarik gabe, hainbat proiektu bertan behera utzita eta jakin gabe noiz arte. Horren aurrean inportantea iruditzen zaigu hausnarketa bat egitea, momentu polita delako balioan jartzeko kultura. Izan ere, inoiz baino geldiago gaude, eta inoiz baino gehiago ari gara kultura kontsumitzen. Azkenean, kulturak herri bat egiten du.

Jaurlaritzak iragarri dituen laguntzei dagokienez, nik jakin nahiko nuke zein den hor atzean dagoen letra txikia. Badaude antzerki enpresak, produktuak ateratzen dituztenak, eta gero daude pertsonak, lan egiten dutenak batentzat edo bestearentzat; intermitentzi egoeran aurkitzen direnak, kontratu bidez; autonomoak diren musikariak.... Abaniko zabala du kultura arloak, ez dagoelako politika bat pentsatuta kultur langileontzat adibidez Frantzian bezala. Orduan, ikusi beharko da laguntza horiek nori zuzenduak dauden eta nork jaso ahal izango dituen. Printzipioz, albiste ona da, baina ikusi beharko da mesede egiten dion benetan behar duen jendeari, sostengu hori bermatzen ote duen".

 

Yoseba Peña idazlea. (Gari Berasaluze)

Yoseba Peña: "Euskal kultura da Euskal Herriko zutabe nagusietako bat"

"Egoera honetan ni pribilegiatua naiz, sortzaile amateurra bainaiz, eta irakaskuntza da nire ogibidea. Iruditzen zait egoera honek oso agerian utzi duela euskal kulturaren egoera. Koronabirusaren krisia etorri da eta autoritateek gutaz paso egin dute. Moldatzeko esan digute kultura sortzaileoi. Nik uste dut arazoa dela euskal kultura subalternoa bezala ikusten dela, ez dela garrantzitsua, alegia. Herrikide askorentzat euskal kultura euskaldunon identitatearen zutabe garrantzitsua da, eta politikarientzat, berriz, hutsaren hurrengoa.

Euskal kulturaz bizi diren gutxi horiek sekulako arazoak izango dituzte hemendik aurrera. Bertsolari batentzat, adibidez, bi hilabetez diru sarrerarik ez izatea sekulakoa da. Berdina gertatzen da libururik saldu ez duen idazlearekin. Orain, hainbatek liburu gomendioak edo bideoak egiteko eskatu digute sortzaileoi. Aktoreek obrak egin dituzte modu telematikoan, esaterako. Dirurik kobratu gabe egin dugu gehienetan, egoera honetan gure papera gizartea entretenitzea dela ulertuz eta jendea lagunduz.

Grebaren harira, idatzi bat zabaldu da. Paradigma aldatzeko ordua dela azaltzen du idazkiak. Ulertu behar da euskal kultura dela Euskal Herriko zutabe nagusietako bat, eta euskal kultura gabe ez dagoela Euskal Herririk. Ez Euskal Herri euskaldunik behintzat. Ez badugu gure kultura babesten, Euskal Herri espainola izango da. Okerragoa edo hobea, baina norberak pentsatu behar du hori nahi duen. Guk babes handiagoa eskatzen dugu politikariengandik eta autoritateengandik. Eusko Jaurlaritzari erantsi zitzaion idatzi bat egoera planteatzen. Hausnarketa kolektibo bat egin zen sortzaile askoren artean, koronabirusaren krisiaren eragina aztertzeko. Nire kasuan, adibidez Loraldiko emanaldi polit bat genuen programatuta eta bertan behera gelditu zen. Aurrerago egingo dela uste dugu, baina ikusteke dago.

Ikusita zein trikimailu eta zein tranpa zikin ari diren erabiltzen zenbait industria eta jarduera babesteko, eta haien laguntzak bermatzeko, guk ere horrelako tratu bat eskatzen dugu kultura sortzaileontzat. Gure ekarpena funtsezkoa baita Euskal Herriarentzat.

Horrelako greba batean uste dut garrantzitsua dela Gorka Urbizu edo Harkaitz Canok parte hartzea, baina baita hirugarren lerroan gaudenok ere. Trinkotasunak ematen baitu neurria. Ia 300 eragilek egin dugu bat greba deialdiarekin eta jende gehiago batuko dela uste dut, gainera. Kontuan izanik, whatsapp eta email bitartez antolatu dela guztia, oihartzun handia izaten ari da".

Txakur Gorria sormen kolektiboa.

Txakur Gorria: "Berez prekarioa den gure alorra are gehiago kaltetuko du egoera honek"

"Txakur Gorria sormen kolektiboak bat egiten du sortzaile ezberdinek deitu duten grebarekin. Iruditzen zaigulako, berez prekarioa den gure alorra egoera honek are gehiago kaltetuko duela. Kontuan hartzekoa da, konfinamendua hasi zenetik nola erantzun dugun kulturgileok eta kultur sorkuntzak zein garrantzitsua diren herri kohesiorako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide