Lapiko protesta deitu du gaurko Gaurgeroa-Duintasunak, osasun murrizketak salatzeko

Urola Kostako Hitza 2020ko api. 7a, 10:45

Elkarteak iritzi dio pandemiak "egoitzetako defizitak" atera dituela argitara, eta egoera horren aurrean Gipuzkoako Foru Aldundiak gogoeta egin beharko lukeela.

Gaur, Osasunaren Mundu Eguna dela kontuan izanda, Gaurgeroa-Duintasuna elkarteak osasunaren pribatizazioa eta murrizketak salatzeko eta Kalitateko Osasun Publikoa eta Unibertsala defendatzeko aprobetxatu nahi dute. Era berean, lapiko protesta egiteko deia luzatu dute, 20:30etik aurrera, Osasun Publikoa, Osasuna ez dela saltzen, defendatzen da lelopean.

Elkarteak adierazi du Gipuzkoako egoitzetako langileen borroka presente egon dela 2019ko irailetik COVID-19a agertu zen arte, lantaldea handitzea, baliabide handiagoak eta lan-baldintza hobeak eskatuz. "Bestalde, nabarmendu nahi dugu egoitzetako langileek eta Gipuzkoako Senideak ahaideen elkarteak bat eginda borrokatu dutela adineko pertsonak zaintzeko eta babesteko, eta guk haien aldarrikapenak babestu ditugula justuak eta bidezkoak direlako".

Pandemiak "egoitzetako defizitak" atera dituela argitara iritzi dio: "Une honetan erantzuna emateko zailtasuna gehitu du aurreko gabeziak direla eta, hala nola, osasun arloko giza baliabide falta, zaintzako langile falta, behar bereziei arreta ematea eta abar. Adinekook bizi dugun dramak beldurrez erakusten digu, alde batera utzitako gizartearen zati garela zenbait gobernarirentzat".

Egoerak Gipuzkoako Foru Aldundia gogoeta egitera behartu behar lukeela uste du: "'Garrantzitsuena pertsona da' hitzetik ekintzetara pasatu, adineko pertsonak zaintzera , eta aurrekontu handiagoa eskaini adineko pertsonentzako egoitza publikoetan, pertsonen lehentasunak lehenetsiz". COVID-19ak irakaspenak ateratzeko balio behar lukeela dio Gaurgeroa-Duintasunak, eta "kostu ekonomiko handiko azpiegiturei lehentasuna ez ematea pertsonen eskubideen gainetik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide