Ainhoa Murua: "Triatletei zaila egingo zaie etxean forma fisikoa mantentzea"
(Triatleta)
"Goi mailako lehiaketak albo batera utzi ditudan arren, entrenatzen jarraitzen dut, gustuko dudalako, baina beste era batera entrenatzen dut. Konfinamendu egun hauetan, mundu guztiak bezala, ahal dudana egiten dut etxean. Batez ere, lehen denbora gehiegi eskaintzen ez nizkien indar ariketak egiten ari naiz. Arrabola ere badugu, eta modu horretan lantzen dut bizikleta, baina ez da erraza umea inguruan bueltaka dabilela. Txandaka eta momentua bilatuz entrenatzen dut orain.
Argi dago moldatu egin behar dugula egoerara, baina ezin da ukatu prestaketa guztia aldatzen zaiela goi mailako kirolariei. Batez ere, zenbait kiroletan aritzen direnei. Igerilarien kasuan, adibidez, ura ukitu gabe ia ezinezkoa da mailari eustea. Triatletak orain ziren hastekoak nazioarteko probekin Olinpiar Jokoetara begira, baina bertan behera gelditu dira. Triatletek orain zuten egindako lan guztia erakusteko unea, eta oso zaila egingo zaie lehiaketa horiek egin gabe forma fisikoa mantentzea etxean.
Zenbait herrialdetako kirolariek atari zabalean entrenatzeko baimena dute, eta horrek desabantaila handiak sortzen ditu".
Oier Ibarguren: "Geldialdia luzatu izanak kalte handia eragingo dit sasoian"
(Txirrindularia)
"Denboraldia hasi berritan harrapatu gaitu konfinamenduak, eta errutina guztia puskatu digu. Itxialdia hasi aurretik, egunean entrenamendu saio bakarra egiten nuen, bi ordu eta erdi edo hiru ordukoa, eta batzuetan baita bost ordukoa ere. Orain, berriz, bizikleta arrabolan jarri eta hor ibili behar izaten dut. Taldeko prestatzaileak egunero bidaltzen dizkigu egunerako pautak. Egia esan, kanpoan ibiltzera ohituta gaudenontzat oso gogorra da etxean entrenatzea.
Konfinamendua ezarri zuten asteburu hartan lasterketa bat neukan, Aiztondo klasika, eta gainera, egutegian markatutako horietakoa zen, huraxe irabaztea nahi bainuen. Baina lasterketa bertan behera utzi zuten eta ez nuen lehiatzeko aukerarik izan.
Gure denboraldia irailaren bukaeran amaitzen da, eta ikusi egin beharko dugu gauzak nola joaten diren. Egia esan, ez dakigu zer gertatuko den.
Bi asteko itxialdiak sasoian ez zidan kalte handiegirik eragingo. Geldialdia gehiago luzatu izanak, ordea, sasoian dezente eragingo dit. Puntuan jartzeko kilometro dezente sartu behar izaten ditut nik, eta geldialdiak kalte handia egingo dit".
Maialen Sudupe: "Sekula ez naiz egon horrenbeste denbora urik ukitu gabe"
(Igerilaria)
"Dezente aldatu zait egunerokoa. Lehen, egunero joaten nintzen igerilekura, eta orain, justu horixe da egin ezin dudana. Dena dela, etxean egunero ari naiz entrenatzen. Batetik, kardioa lantzen saiatzen naiz, zintan korrika eginez edo bizikleta estatikoan ibilita; eta bestetik, taldeko entrenatzaileak egunero proposatzen dizkigu indarra lantzeko ariketekin osatutako zirkuitoak. Etxean jardutea ez da erraza, ez gaudelako ohituta, baina zorteduna naiz, beste bi ahizpak ere igerilariak direlako eta hirurok batera entrenatzen dugulako. Horrela errazagoa da.
Sekula ez naiz egon horrenbeste denbora urik ukitu gabe, eta berriz igerilekura itzultzen naizean, antzemango dut hori. Igerian hori gertatzen da: egun batzuetan ibiltzen ez bazara, asko antzematen da.
Konfinamendua ezarri zuten asteburuan Euskal Herriko Txapelketa jokatzekoak ginen, baina bertan behera utzi zuten. Atzo hasi eta igandera arte, berriz, Espainiako Txapelketa neukan Sabadellen (Herrialde Katalanak), eta txapelketa hori zen nire denboraldiko helburu nagusia. Ez dakit lehia horiekin zer gertatuko den".
Imanol Lopez: "Ezinezkoa da etxean zesta puntan aritzea, baina lasai hartu dut dena"
(Zesta puntako jokalaria)
"Denok ditugu mugak gaur egungo egoeran, baina nahi duenak entrenatzen jarraitzen du. Nik gimnasio txiki bat sortu dut etxeko gela batean, pisu batzuekin. Ariketak egiten ditut, eta dudanarekin moldatzen naiz.
Ezinezkoa da etxean zesta puntan aritzea, baina lasai hartu dut dena. Badakit une honetan frontoiak ezin direla erabili; beraz, egoera fisikoa mantentzeko lanak egiten ari naiz etxean. Nire aurkariak ere nire egoera berean daude, zoritxarrez, eta hau bukatzean, guztiok joango gara zoroen pare frontoietara pilota batzuk botatzera.
Psikologikoki, egoera honi alde positiboa bilatzen saiatzen naiz. Deskantsu bat bezala hartzen ari naiz konfinamendua. Hala ere, ariketak egiten ditut, bereziki, gehien sufritu dudan eremuak lantzeko: gerria, hankak… Eremu horiek gogortzeko baliatzen ari naiz egoera.
Uztailean hasi ohi dira zesta puntako partidak, baina oraindik ez dakigu ezer. Denboraldia pixka bat atzeratzeko aukera zegoela jakinarazi zuten arduradunek, eta zain gaude zer gertatuko den. Denboraldia jokatuko dela espero dugu, baina datak enpresek erabaki beharko dituzte".
Jon Azkue: "Ez nago oso baikor, baina kirola bigarren mailako kontua izan behar da"
(Eskubaloi jokalaria)
"Alarma egoera ezarri zuten asteburuan entrenatzeari utzi genion, ligarekin zer gertatuko zen ongi jakin gabe, eta ordu gutxiren buruan esan ziguten ondorengo bi jardunaldiak bertan behera galditu zirela. Klubak etxean egoteko eta kalera ez irteteko eskatu zigun.
Orain, federazioak liga jokatu nahi du ekainera arte, baina gure kontratuak maiatzaren 31n bukatzen dira. Beraz, ez dago denborarik jardunaldi guztiak jokatzeko hitzarmena iraungi aurretik. Desadostasun handia dago taldeen artean. Federazioko presidenteak dioenez, liga jokatzen ez bada, igoera eta jaitsierak mantendu egingo dira. Hori gertatuko balitz, une honetan jaitsiera postuetan dauden bi taldeek salaketa jarriko luketela esan dute.
Gu [Bidasoa] laugarren postuan gaude , eta Europarako sailkatzea da aurtengo helburua. Liga horrela bukatuz gero, ez genuke helburua lortuko, eta pikutara joango litzateke lan guztia. Alde horretatik ez nago oso baikor, baina egoera honetan, kirola bigarren mailako kontua izan behar da. Bitartean, etxean entrenatzen jarraituko dugu, sasoian mantentzeko".
Jone Zabaleta: "Korrika egiteko zinta erosi behar izan dut entrenatzen jarraitzeko"
(Atleta)
"Egunero ari naiz entrenatzen, eta asti gehiago daukadanez, egunean bi saio ere egiten ditut; dena sasoiari eusteko helburarekin, hobetzea zaila izango baita. Izan ere, etxean, dauzkadan baliabideak dauzkat, eta horietara egokitu behar izaten ditut entrenamenduak. Batetik, kardioa lantzeko, arrabolan ibiltzen naiz, eta bestetik, indarra lantzeko ariketa egiten ditut, pisuak, barrak eta horrelakoak badauzkadalako. Beste herri batzuetan badakit hainbat kirolariri herriko kiroldegiko zintak eta ergometroak utzi dizkietela etxean entrenatzeko, eta nik ere zinta bat uzteko eskaera egin nion Azkoitiko Udalari, baina ezezkoa erantzun zidan. Beraz, azkenean erosi egin behar izan dut.
Koronabirusaren kontuak denboraldia hankaz gora jarri dit. Apirilean, maiatzean eta ekainean izaten ditut lasterketa gehienak eta inportanteenak. Aurten, ordea, ez dakit zer gertatuko den, proba gehienak bertan behera utzi dituztelako".
Jon Agirre: "Lasai hartzeko esan digute, eta ahalik eta ondoen entrenatzeko"
(Txirrindularia)
"Gure kasuan, bizikleta berdin-berdin egiten segitzen dugu, baina arrabolan egiten ditugu entrenamenduak, errepidera ezin gara-eta atera. Horrez gain, gimnasioko eta coreko ariketak egiten ere saiatzen gara. Horiek dira sasoia mantentzeko egiten ari garenak. Sasoia pixkanaka behera joango dela pentsatzen dut, errepidean sartzen genituen orduak ezin ditugu-eta sartu, baina saiatuko gara ahal den ondoena eusten.
Denboraldiaren egutegiari dagokionez, berez martxoaren 23tik 27ra zazpi eguneko itzuli batean lehiatu behar nintzen Frantzian, baina bertan behera utzi zuten. Hemendik aurrerako lasterketa gehienak ere kentzen ari zaizkigu. Berez egutegi osoa eginda geneukan, baina birus hau dela-eta lasterketa denak bertan behera uzten ari direnez, ez dakigu noiz itzuliko garen berriro errepidera. Lasai hartzeko esan digute, eta entrenamenduak ahal dugun ondoen egiteko. Eta horretan ari gara".
Jon Alberdi:"Sasoiari eta eskuak zaintzeari ematen diot garrantzia"
(Pilotaria)
"Konfinamendua hasi aurretik, astean lautan Beasainera joaten nintzen entrenatzera, eta ia asteburuero izaten nuen partidaren bat; orain, etxean moldatu beharra daukagu. Zorte pixka bat badaukat, eta nahiko ondo moldatzen ari naiz, kaletik aparte dagoen etxe batean bizi naizelako eta etxean entrenatzeko nere lekutxoa badaukadalako. Fisikoki sasoiari eusteari eta eskuak zaintzeari ari naiz garrantzia ematen. Egunero aritu behar izaten dugu pilotari kolpe batzuk ematen etxeko paretaren baten kontra, bestela eskuak bigundu egiten zaizkigulako eta buelta gogorra izango litzatekeelako.
Martxoaren 27an zen hastekoa buruz buruko txapelketa. Momentuz ez da txapelketa hasi eta ez dakigu jokatzerik ere izango dugun. Uste dut udarako egoera bere onera bueltatuko dela eta udan jokatu ohi ditugun txapelketak arazorik gabe jokatuko ditugula. Enternatzera itzuli eta bizpahiru astean berriz lehiatzeko moduan izatea espero dut".
Irati Osa: "Ahal dudana egingo dut hau bukatzean; orain, osasuna lehenesten dut"
(Piraguista)
"Itxialdia hasi aurreko ostegunean unibertsitateak itxi zituztela jakin genuen, eta egun berean, asteburuan jokatzekoa zen piraguismoko Espainiako Txapelketa bertan behera geratu zela esan zidaten.
Espainiako Txapelketaz gain, apirila bukaera arteko lehia guztiak ere bertan behera gelditu dira. Ondorengo txapelketekin zer gertatuko den jakin zain gaude. Momentuz, ez dira bertan behera gelditu, baina pentsatzen dut moldaketak egingo dituztela egutegian.
Uste dut ez direla jokatuko orain arte bertan behera gelditu diren probak. Apirileko txapelketak garrantzitsuak dira, baina ez dute Europako edo Munduko txapelketara sailkatzeko balio. Benetan garrantzitsuak aukeratze txapelketak dira, bi lehia horiek jokatzeko plaza lortzeko aukera ematen dutelako. Europako Txapelketara sailkatzeko proba maiatzaren bukaeran da jokatzekoa, eta momentuz ez dugu horren inguruko berririk.
Bestalde, Europako Txapelketa uztaila bukaeran jokatuko da, eta lehen bost postuetan sailkatuko banintz, mundialera joango nintzake. Oraindik ez dakigu zer gertatuko den; atzeratu egingo denaren zurrumurruak daude, baina ez da ezer ofiziala. Apirila erdialdean aztertuko dute egoera arduradunek, eta horren arabera hartuko dituzte erabakiak.
Konfinamendua dela-eta uretako eta aire zabaleko entrenamenduak debekatuta daudenez, beste modu batean entrenatzen ari naiz. Klubak kayak ergometroa eta bizikleta estatikoa utzi dizkit, eta ariketa aerobikoa egiten dut horiekin. Bestalde, pisu batzuekin gorputzaren muina lantzen dut, eta luzaketak ere egiten ditut. Ahal dena egiten dut.
Europako eta Munduko txapelketetako nire aurkari gehienak ez dira aldaketa handiegirik izaten ari entrenamenduetan. Baina hemen etxean egon beharra tokatu da, eta onartu egin behar. Ahal dudana egingo dut hau bukatzean, baina orain osasuna lehenesten dut. Hala ere, Europako edo Munduko txapelketetan jokatuz gero, nire maila onena ematen saiatuko naiz.
Psikologikoki, ondo daramat egoera. Unibertsitateko eskolak izaten ditut goizetan, eta arratsaldeetan, taldeko lanak egiteko konektatzen naiz. Goizeko eta arratsaldeko unibertsitateko lanen arteko tarte horretan entrenatzen dut egunero. Eguna beteta izaten saitzen naiz.
Itxialdia bukatzen denean, pixkanaka entrenatzen hasiko naiz, eta uste dut hartuko dudala betiko martxa".