Italia izan zen COVID-19aren kolpea jasan zuen Europako lehen herrialdea. Egoera larritzen hasi zenean, gaixoak artatzeko beharrezkoa zen pieza baten faltan geratu ziren ospitaleetan; balbula moduko pieza gastatu egin zen almazenetan, eta eskari handia egon arren, ez zen produktua lortzeko aukerarik. Egoera zailaren aurrean, Italiako maker komunitatea mugitzen hasi zen. Etxean gauzak asmatzen edo sortzen jarduten diren artisau edo ekintzaileak dira maker-ak; hala, erietxeetan falta zen pieza kopiatu eta milaka produzitu zituzten 3D inprimagailuekin.
Italian pasatakoak oihartzun zabala izan zuen nazioartean, eta koronabirusa Espainia kolpatzen hasi zenean, ReesistenciaT taldea sortu zen. Euskal Herriko eta Gipuzkoako azpitaldeak ditu kolektiboak. Balbulak beharrean, ospitaleetarako arnasgailuen antzeko makina bat sortzeko helburuarekin abiatu zuten proiektua. Ez zuten lehen xedea gauzatzerik izan, baina bulkada horrek bigarren proiektuari bide eman zion, eta birusaz babesteko bestelako materiala sortzeari ekin zioten.
Lizar Azkune zarauztarra boluntario sareko partaidea da: «Gipuzkoan lehengo astean hasi ginen antolatzen, eta dagoeneko, 120 boluntario ari gara martxan. Gure kasuan, EPI biserak egiten ditugu; maskara moduko babesgarriak dira». Maskara horiek PVC materialeko lamina finarekin egiten dituzte, eta plastikozko euskarri batekin kokatzen dira buruan. Bizpahiru egunean, 1.200 bisera produzitzeko gaitasuna dutela zehaztu du zarauztarrak.
Iniziatiban parte hartzen ari diren boluntarioak etxetik ari dira lanean. Biserak egiteko behar diren baliabideei dagokionez, nahikoa dira ordenagailua eta 3D inprimagailua. «Asko erraztu dugu produzitzeko modua, ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan. Biserak pieza solido bakarra du, eta aurretik 3D inprimagailuarekin pixka bat ibili den edonork, erraz egin dezake», zehaztu du Azkunek.
Boluntarioen profilari dagokionez, gehiengoa jende gaztea da, baina adinduak ere badiratartean. «Tornuetan urte luzez aritutako erretiratuak ere ari dira lanean, eta harrigarria da pieza bakoitza egiteko duten pazientzia».
Azkunek azpimarratu egin nahi izan du hau herritarrek sustatutako ekimena dela, eta erabat boluntarioa. Dena den, norbanakoez gain enpresak eta erakundeak ere hasi dira haiekin elkarlanean. DYA elkartearen laguntza ezinbestekotzat jo du zarauztarrak: «Biseren produkzioa bideratu genuenean, banaketak sortzen zigun kezkarik handiena, ez genuelako inoren osasuna arriskuan jarri nahi. DYA sekulako lana ari da egiten horretan».
Euskal Herriko maker-ek egiten dituzten biserak ez dute maskarilla homologatu batek adina babes ematen, baina COVID-19aren hedapenari aurre egiteko balio dute; azken finean, soinean duen pertsonak muga fisikoa jartzen diolako birusari. «Guk sortzen dugun materialak harrera bikaina izango du zahar etxe edo ospitaletan, eta hori da egiten dugun lanagatik jasoko dugun saria», poztu da Azkune. Egitasmoan lagundu nahi duten herritarrek informazio osatuagoa aurkituko dute www.covideuskadi.net helbidean.
Azpeitian ere martxan
Koronabirusaren Aurkako Euskadiko Maker Komunitatea osasungintzako langileentzako maskarak jasotzen ere ari da, eta hainbat enpresaren donazioak jaso ditu azken astean; tartean, Azpeitiko Cortebirena.
Lantegi horretako arduradun Iñigo Agirrek albistegietan izan zuen talde horren jardueraren berri: «Koronabirusaren Aurkako Euskadiko Maker Komunitatearen webgunera sartu nintzen informazio bila, eta haiekin kontaktuan jarri nintzen, maskarak egiteko laguntzarik behar al zuten galdetzeko». Maker komunitateko kideek berehala erantzun zioten azpeitiarrari, eta maskaren plastikoa behar zutela azaldu zioten: «Bi zati dituzte maskarek, goiko uztarria eta aurpegia estaltzeko zein zipriztinak saihesteko plastikozko xafla. Bigarren hori da guk lantegian egin dezkaeguna», nabarmendu du azpeitiarrak.
Agirrek dioenez, aurpegi-babes horiek egiteko materiala bazuten enpresan, eta egun bakar batean 1.800 ale egin zituzten Maker komunitatearentzat: «Harrituta gelditu ziren egun batean hainbeste pantaila egin genizkielako». Kopetatik leporainoko distantzia duen plastikoa da Cortebin egiten dutena, eta Agirreren arabera, sarri aldatu behar da. Hori dela eta, litekeena da Makerrekoek laster eskari handiagoa egitea: «Gaixo batekin egon ostean pantaila hori aldatu egin behar da, baina gaineko uztarria berrerabilgarria denez, plastikoa soilik aldatu behar dute langileek».
Alarma egoerak irauten duen bitartean, Maker komunitateari laguntzen jarraitzeko prest agertu da Agirre: «Pantaila gehiago behar badituzte, eskatzeko esana diet». Material hori guztia dohaintzan emango diotela ere azpimarratu du azpeitiarrak: «Gu prest gaude materiala dugun bitartean laguntzen jarraitzeko. COVID-19a gainditzea behar-beharrezkoa da».
Orion 80 laguneko sarea
Material falta handia dago ospitaleetan, adinekoen egoitzetan, farmazietan... Eta Reesistencia-T taldekoak bezala, beste hainbat talde eta norbanako ere martxan dira. Orioko Ostargi joskintza taldeko kideek, esaterako, osasun langileentzat maskarak eta mantalak egiteari ekin diote norbere etxetik. Rosaura Bravo irakasleak sare sozialen bidez bidaltzen dizkie osasun arloko materiala egiteko bideoak, eta arrakasta izaten ari dira eskualdean. Orion ez ezik, inguruko herrietako jostunengana ere iritsi baita ekimena. «Taldean erizain batzuk ditugu, eta mezua iritsi zitzaigun Donostiako osasun zentroetan mantalik gabe lanean ari zirela azalduz. Segituan jarri ginen martxan». Mantalak etxean egin ahal izateko hainbat bideo ikusi zituen joskintza irakasleak, eta ohartu zen nahiko zailak zirela taldeko kideentzat, asko jostun hasiberriak direlako. Buruari bueltak ematen hasi zen, eta plastikozko poltsa handiekin mantalak modu errazagoan egin zitekeela konturatu zen Bravo, eta ikasleei bidali zien jarraibideak azaltzen zituen bideotxoa.
Horrez gain, osasun langileentzat maskarak ere egiten ari dira joskintza taldeko kideak. «Erizainak diren lagunak ditut; ez dute koronabirusa duten gaixoekin lana egiten, baina nabarmendu didate oso garrantzitsua dela babes neurriak hartzea. Ez kezkatzeko esan nien, eta maskarak egiten hasi ginen. Jakin badakigu telazko maskarek ez dutela besteek bezainbeste babesten, baina ezer baino hobeak dira». Orion 80 lagun inguru ari dira osasun langileentzat materiala egiten, eta oso pozik dago Rosaura Bravo irakaslea, «ekimenak harrera paregabea» izan duelako joskintza ikasleen artean. «Eskerrak eman nahi dizkiet taldeko kideei, deia egin orduko lanean hasi zirelako eta, zailtasunak zailtasun, ahalegin handia eginez helburua lortzen ari garelako. Txapeldunak dira denak», nabarmendu du.
Laguntzeko eta lana egiteko gogoz gainezka daude Orioko jostunak, baina hainbat oztopo ere aurkitu dituzte bidean. «Mantalak eta maskarak egiteko materiala falta zaigu.Telak eta joskintzako materiala saltzen dituzten dendak itxita daude, eta etxetik atera ezin dugunez, materiala lortzea zaila egiten ari zaigu. Badakit herriko amona batzuk etxean dituzten maindire zuriak emateko prest agertu direla, eta Argiñe Azkaratek maskarak egiteko beharrezkoa den elastikoa ere eskaini digu». Bravok «bihotzez» eskertu du herritarren keinua.
Dena dela, eskuartean duten proiektua ez da Ostargik egin duen lehen ekimen solidarioa. «Duela hilabete eskas Saharako errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren emakumeentzat konpresa ekologikoak egiten aritu ginen. Telazko ehun konpresa baino gehiago egin genituen», azaldu du irakasleak. Joskintza tailerrean garrantzi handia ematen diote materialak berrerabiltzeari, eta hainbat proiektu garatzen ari dira.
Astebetez maskarilla bera
Beharbada herritar gehienek ez zuten gabeziarik nabarituko beren egunerokoan, baina osasun arloko langileek materiala falta dute. Bere esperientzia kontatu dio horietako batek HITZAri. Adinekoen egoitza batean lan egiten duen zumaiarra da, eta nahiago izan du bere izena publiko ez egin. Lehendik langile falta salatzen bazuten, orain egoera okertu egin da, egoiliarrak taldeka banatu dituztelako eta bi langileren artean hemezortzi pertsona zaindu behar dituztelako. Eta, horri, babesteko material falta gehitu behar zaio. «Astebete daramagu maskarilla bera erabiliz, normalean horiek tarte batean erabili eta botatzekoak direnean. Agindu digute iritsiko direla gehiago, baina ez dakigu noiz, eta bitartean bakoitzak berea gorde behar duela esan digute», salatu du.
Berez, maskarilla gehiago badute egoitzan, baina horiek gorde beharra izan dute, koronabirus kasuak agertuko balira, behar-beharrezkoak lituzketelako. «Hala ere, ez pentsa, ez zeuden gehiegi gordetzeko ere», zehaztu du. Astearte eguerdian esan zieten maskarillak gordetzeko, eta gaurdaino. Eskularruak badituzte, horiek sarri-sarri aldatzen dituzte, baina salatu du isolamendu egoerarako betaurrekorik, txapelik eta halakorik ez daukatela egoitzan.
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin da kritiko zumaiarra; «ez dira inolako laguntzarik ematen ari. Adibidez, eguneko zentroetako langileak etor zitezkeen guri laguntzera, sekulako lan karga dugulako. Lehen handia geneukan, eta orain gainez egiten digu honek». Kontatu du erabiltzen dituzten mantalak ere egoitzan bertan ari direla garbitzen. «Gure arduradunak ari dira horretaz arduratzen, eskerrak haiei».
Langileak azpimarratu du neurri zorrotzak hartzen ari direla, lanera sartzerakoan tenperatura hartuz etab. Baina kezka badute. Eta karga fisikoaz gain, karga psikologikoa nabarmendu nahi du. «Guk maite ditugu aiton-amonak, eta ez genuke inolaz ere nahi gugatik gaixotzerik. Beti kontuz-kontuz ibiltzen gara haiekin eta beldur puntuarekin». Egoiliarren senitartekoei ere nahi izan die mezua bidali: «Esan nahi diet ehuneko ehuna ematen ari garela aiton-amonengatik eta lasai egoteko».