Koronabirusaren aurkako neurriak hartzen hari dira Aian

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 12a

Koronabirusa bezala ezagutzen den pandemiak mundua hankaz gora jarri du, 2019ko abenduan Txinako Wuhan hirian lehendabizikoz antzeman zutenetik. Hego Euskal Herrira ere iritsi da gaixotasuna, eta adinekoak dira zaurgarritasun maila altuenetarikoa duten giza taldea. Horrek behartu ditu adinekoak biltzen dituzten zentro, elkarte edo aisialdi guneak gainontzekoek baino neurri zorrotzagoak hartzera prebentziorako.

Eliza ere hasi da neurri zehatz batzuk hartzen. Gipuzkoako Bikaritzak ohar bat helarazi zien elizbarrutiko parrokiei larunbatean, zenbait neurri hartzeko eskatuz. Hain zuzen ere, elizaren sarrerako ur bedeinkatua kentzea, eskuak garbitzea, bakea ematerakoan eskurik ez erabiltzeko eta jaunartzean ostia ahora ez ematea eskatu diete eliztarrei.

Enpresetan ere eragina 
Koronabirusa dela eta, prebentzio neurriak ere hartu dituzte Indauxeko Aiako lantegian: “Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Medikuntza Elkarteak emandako argibideak jarraitzen ari gara Indauxen” azaldu dio Maria Feijoo Indauxeko komunikazio arduradunak HITZAri.

Gaur egun Indauxek 253 langile ditu 4 egoitzetan banatuak, eta 90 herrialdetan saltzen ditu bere produktuak. Azken bi asteetan ezinbestekoak ez diren bidaiak atzeratzea erabaki dutela jakinarazi du Feijook. “Bereziki Asiara bidaiatzea sahiestu dugu, baita aeroportu jakin batzuetan geldialdia egitera derrigortzen gaituzten helmugak ere. Egunak aurrera joan ahala, bidaiatzeko murrizketak herrialde gehiagotara hedatu dira”. Gaineratu du, bidaiatu duten langile guztiek mediku zerbitzua jaso dutela.

Bidaiak ekidin ez ezik, kanpoko bisitak ere murriztu dituzte, eta zenbait bilera bertan behera uztea erabaki dutela adierazi du komunikazio arduradunak: “Protokoloaren barruan, kanpoko bisitariek jokabidearen inguruko informazioa jasoko dute bisita antolatu duenaren eskutik”. Horrez gain, gune ikusgarrienetan Jaurlaritzak zabaldutako higiene gomendioak itsatsi dituztela gineratu du Feijook: “gomendioetako bat da, adibidez, agurtzean eskua ematea ekiditea”. Bilerei dagokionez, gela zabaletan egingo dituztela azaldu du komunikazio arduradunak, eta igogailuen erabilera sahiestuko dutela. 

Koronabirusaren aurkako prebentzio neurriak ez ezik, Indauxek mediku-zerbitzua duela azaldu du Feijook: “Gure mediku-zerbitzuaren eginkizuna da langileen osasuna zaintzea, era norbanakoan nahiz kolektiboan, eta langileen osasuna kaltetu dezaketen aukera guztiak aztertzea”. Horretarako, segurtasun kontrolak egiten dituztela gaineratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide