Zer iritzi dute koronabirusaz eskualdeko saltokietan?

Juan Luis Romatet-Ihintza Elustondo-Julen Imaz 2020ko martxoaren 11

Koronabirusa, mikroskopio baten bidez hartuta.

Koronabirusa bezala ezagutzen den pandemiak mundua hankaz gora jarri du, 2019ko abenduan Txinako Wuhan hirian lehendabizikoz antzeman zutenetik. SARS-CoV-2 birusak edo Wuhango koronabirusak Txinako mugak zeharkatu ditu, eta hilabete gutxiren epean mundu osora hedatu da. Birus horrek COVID-19 gaixotasuna eragiten du gizakiengan, eta gaur egun 114.000 kasu inguru antzeman dituzte mundu mailan. 3.600 hildakotik gora eragin ditu, horietatik gehienak Txinan bertan, baina gogor astindu ditu Iran edota Italia.

Hego Euskal Herrira ere iritsi da gaixotasuna –oraingoz Ipar Euskal Herrian ez da kasu bat bera ere detektatu–. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo eguerdian emandako datuen arabera, 197 pertsona kutsatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik sei hil dira. Nafarroan, berriz, COVID-19ren hamahiru kasu antzeman dituzte, Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako datuen arabera.

Gaixotasun honen hedatzeak eragin zuzena du gizartean. Ospitaleak lanez gainezka daude lehen kasuak detektatu zituztenetik, eta haiek artatu dituzten sendagileak ere jarri dituzte, kasu batzuetan, bi asteko berrogeialdian. Araba da kutsatu gehien dituen lurraldea, eta Gasteizen, baita Bastidan ere, ikastetxeak eta unibertsitateak itxi dituzte. Hasiera batean, martxoaren 23ra arte izango dute neurri hori indarrean.

Gaixotasun honek adinekoengan eta aurretik patologia jakin batzuk dituzten pertsonengan eragiten du gehien. Hori dela eta, adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan ere neurriak hartu dituzte. Oraingoz ez dituzte egoitzak itxi, baina familiartekoak edo lagunak bisitatzera joaten direnen kopurua kontrolatu dute.

Ikusle kopuru handiak biltzen dituzten ekitaldietan ere nabarmen eragingo du koronabirusak. Espainiako futbol ligako datozen bi jardunaldiak ateak itxita jokatuko dituzte. Hau da, Lehen Mailako 28. eta 29. jardunaldietan ez da zaleturik izango zelaietan. Saskibaloi partidei dagokionez, hau idazterako orduan ez da erabaki zehatzik hartu, baina partida horietako batzuk ere kiroldegietako ateak ixtea aurreikusten ari dira.

Apirilaren 5ean egitekoak diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bertan behera uztea edo beste data batera atzeratzea ez du oraingoz planteatu hauteskunde batzordeak. Baina, neurri batzuk hartuko dituztela jakin da, Italian –koronabirusak gogor astindu duen estatua– izandako hauteskundeetako aurrekariak kontuan hartuta. Hala, gomazko milaka eskularru erostea aurreikusten du hauteskunde batzordeak, igande horretan hauteskunde mahaietan egon beharko dutenek erabili ditzaten.

Lupa, edo birusen kasuan egokiagoa den mikroskopioa, eskualdera ekarrita, zer eragin ari da izaten COVID-19 gaixotasuna? Psikosiaz haratago, herritarrek nola bizi dute krisialdia. Horretarako, farmazia, saltoki eta turismo agentzia banatakoak elkarrizketatu ditu HITZAk.

"Uste dut psikosi egoeraren ondoren normaltasunera itzuliko garela"

Lore Uranga (Bidaia agentea, Zumaia)

Nola bizi duzue koronabirusaren krisia turismoko sektorean?
Kezka handiarekin. Martxoko zubia dator, Aste Santua ere bai, Italia itxi egin dute... Hotelak eta airelineak bezeroei datak aldatzeko aukerak ematen ari dira. Bezero askok tarifa bereziko eskaintzak hartuta zituzten, dirua itzultzeko aukerarik gabekoak, kasu horietan datak aldatzeko aukera ematen ari dira. Bestalde, atzerritarrak hona etortzeko zerbitzua ere eskaintzen dugu, eta kasu horretan lau taldek ezeztatu dituzte bidaiak.

Psikosi edo beldur hori igartzen al duzue bezeroen artean?
Handia. Beldurra librea da, eta zabaldu egiten da. Asiatik datorren jendea ari da beraien bidaiak atzera botatzen: japoniarrak, txinatarrak, korearrak... Esaten digute krisiaren une larriena Aste Santu inguruan izango dela, eta gero jaitsiko dela. Egoera ez da garbia, eta gu beti gaude handizkarien, hotelen edo airelineen menpe.

Informazio falta ere sumatzen al duzue.
Bai, handia, eta horrek ez du batere laguntzen. Ministerioen erabakien zain gaude, eta ez dugu inongo pautarik.

Aste Santua turismo aldetik garai garrantzitsuenetakoa da.
Kalte handia izango da. Hemen, Euskal Herrian, urte oso txarretatik gatoz, eta pixkanaka ari zen turismoa berreskuratzen. Kaltea sumatuko da, hori seguru.

Eta etorkizunera begira, zer uste duzue gertatuko dela?
Nik uste lehen hilabete hauek txarrak izango direla, baina uda garaian berreskuratuko dugula. Aste Santua, baina, sektorearentzako garai garrantzitsua da, eta hor galera igarriko dugu. Baina ez dira oporrak bakarrik: ikasleen egonaldiak, kongresuak, laneko bidaiak... Egoera ez da erraza, baina uste dut psikosi honek pare bat hilabete iraungo duela, eta gero normaltasunera itzuliko garela.

"Guk hartu dugu erabakia: duguna salduko dugu, eta gero, gerokoak"

Joxe Agirre (saltzailea, Zumaia)

Nola bizi duzue koronabirusaren krisia?
Gabezian. Adibidez, hamabost eguneko epean iristekoak ziren mikrouhinen modelo batzuk, baina orain datarik ez digute ematen noiz helduko diren. Marka ezagun bateko mikrouhinen kasuan, esaten digute apirilaren amaierarako jasoko ditugula. Ustez marka hori Zaragozan ekoizten dute, baina honek agerian uzten du Txinan egiten dituztela.

Produkturik gabe geratu zarete?
Momentuz ez. Gure arazoak epe ertain batera sortuko dira. Etxetresna elektriko txikiak, irabiagailuak direla, kafe makinak direla, horiek denak han egiten dituzte, Txinan. Hilabete eta erdi da arazoa sortu dela, eta oraindik hemengo biltegietan pilatuta dauden tresnekin ari gara lanean. Baina gaur egun eskatzen ditugun tresnak ez dira ari fabrikatzen. Orain gutxi beste abisu bat jaso dugu, eta da telebista berririk ez dugula izango, osagai ia denak Txinan egiten dituztelako.

Galera ekonomikorik izango duzula espero duzu?
Komertzial batzuk ari zaizkigu presionatzen, tresnak gaur erosteko eta biltegian pilatzeko esanaz. Beldurra sartzen saiatzen ari dira. Guk hartu dugu erabakia: duguna salduko dugu, eta gero gerokoak. Sony ez badago Samsung sartzen saiatuko gara, eta Samsung ez badago LG.

Zuen kasuan agian ez, baina marka batzuek arazoak izan ditzakete.
Horiek bai, horiek arazo handiak izango dituzte. Krisiak irauten badu, guk ere bai. Nik uste arazoa konponduko dela. Baina X markak apirilean bere gama berria atera behar badu, eta apirila iritsi, berririk ez, eta zaharrik ez badu saltzeko, hor hutsune bat izango du. Soldatak ordaindu behar dira... Guk zortea dugu gauza ugarirekin egiten dugulako lan. Telebistekin bakarrik lan egingo bagenu, dagoeneko lanik gabe egongo ginateke.

"Maskarillen eta gel antiseptikoen itxaron zerrenda dugu botikan"

Nerea Iriarte (Botikaria, Azpeitia)

Maskarillentzako itxaron zerrenda dute ia botika guztietan, baita zuk lan egiten duzunean ere. Noiz hasi zen jendea maskarillak eskatzen?
Otsailaren hasieran. Batez ere, asko bidaiatzen zuen jendea hasi zitzaigun eskatzen, aireportuetan-eta ikusi zutelako jende askok erabiltzen zituela. Gaixotasunen bat dutenei edo defentsak baxu dauzkatenei ere gomendatu zieten maskarilla erabiltzea, eta haiek ere eskatu zizkiguten. Baina orain ja mundu guztia etortzen da maskarillak eskatzera. Berehala biltegietan maskarillarik gabe gelditu ziren, eta zerrenda bat egin genuen maskarillak eskatzen zizkigutenekin; geu ere biltegien itxaron zerrendan gaude, eta bakar batzuk iritsi zaizkigu, baina oso-oso gutxi. Maskarillenaz gain, gel antiseptikoen itxaron zerrenda ere badugu.

Zertarako balio du maskarillak?
Filtro berezi bat daukaten maskarillak dira eraginkorrenak, baina horiek infektatuta daudenei edo osasun arloan lan egiten dutenei gomendatzen dizkiete. Birusa eztul edo doministiku bidez edo hitz egiterakoan soltatzen diren tantatxoetan egon ohi da, eta beraz, bi pertsonak gertu egon behar dute elkar kutsatzeko. Tanta horiek beste pertsonarengana iristen ez badira, parean dauden materialetara erortzen dira: mahaira, oihaletara... Horiek eskuekin ukitzeko arrisku handia dago, eta kutsatu egin gaitezke. Horregatik, neurri eraginkorrena eskuak garbi mantentzea da. Paperezko musuzapiak erabiltzea eta doministiku egiterakoan ukondoa jartzea ere gomendatzen dute.

Alarma egoera nabaritzen al duzu?
Bai, baina hori baino gehiago, nahasmen handia dago. Oso handi gelditzen diren gauzak ari gara entzuten: heriotzak daude tartean, eskolak eta unibertsitateak ixten ari dira... Jendeak ez daki nola jokatu horren aurrean. Nahasmen eta beldur handia dago etor daitekeenaz.

-----------------------------------------------------

INFORMAZIO OROKORRA

Badira egun batzuk Osakidetzak koronabirus kasuetarako protokoloa aktibatu zuela. Hainbat aholku eman dizkie erakundeak herritarrei, eta Osasun Aholkularitza Zerbitzua jarri du martxan. Hain zuzen ere, sukarra, eztula edo aire-falta sentipena gisako sintomak izanez gero, etxean edo ostatuan gelditzea eta Osasun Aholkularitza Zerbitzuarekin (900-20 30 50 telefonoa) harremanetan jartzea aholkatu du Osakidetzak.

Zer da koronabirusa?
Koronabirusak animalietan zein gizakietan aurki daitezkeen birus familia zabala dira. Horietako batzuk infektatu egiten dute gizakia, eta hainbat gaixotasun eragin ditzakete, hala nola hotzeria arrunta. Dena den, gaixotasun larriagoak ere badaude; Ekialde Hurbileko arnas sindromea (MERS) eta arnas sindrome akutu larria (Sras), esaterako.

Nola hedatzen da birusa?
Zehaztasunik ez badago ere, antzerako birusek eragindako beste infekzio batzuen analogiatik, kutsatutako animaliekin izandako kontaktuaren bidez eta doministikuarekin sortzen diren arnas jarioarekiko kontaktuaren bitartez transmititzen da. Birusa duten pertsonen sudurra, begiak edo ahoa ukituta kutsa daiteke.

Zer egin dezaket babesteko?
-Sarritan garbitu eskuak.
-Eztula edo doministikua egitean, ahoa estali eta sudurra ukondoarekin edo zapi batekin. Bota zapia berehala, eta garbitu eskuak alkoholez egindako eskuetako desinfektatzaile batekin edo urarekin eta xaboiarekin.
-Eztula edo doministikua egin eta sukarra duten pertsonetatik metro batera egon, gutxienez.
-Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa.
-Ikastetxera joan aurretik haurrei tenperatura hartzeko aholkatu du Osasun Sailak, eta 37 gradu baino gehiago edo arnasketarekin lotutako sintomak badituzte etxean geratzeko eskatu du. Zahar etxera bisitan joan behar dutenek ere neurri bera hartzeko eskatu dute.

Zer egin transmisio eremuetan izan bazara?
-Leku horietatik itzultzen diren eta osasun-arazorik ez duten pertsonek bizimodu normala egin dezakete familiarekin eta lagunekin, baita eskola eta lan eremuetan ere.
-Bidaiatik itzuli ondorengo bi asteetan arnas-infekzio sintomak izanez gero, hala nola sukarra, eztula edo aire-faltaren sentipena, etxean edo ostatuan geratu. Horrez gain, Osasun Aholkularitza Zerbitzuarekin (900-20 30 50) jarri harremanetan. Osasun zerbitzuek ebaluatuko dute zure osasun egoera, bidaiaren aurrekaria eta koronabirus kasuekin kontakturik izan al duzun.

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide