Inoizko uztarik oparoena eman du 2019an baratze solidarioak

Mireia Galarza eta Amaia Urbieta Arruti 2020ko mar. 4a, 09:50

Jasotako barazkiek 16.000 euroko balioa dute. Caritasi bideratzen dizkiote barazkiak, eta herritarrak boluntario lanak egitera animatu dituzte.

2016az geroztik, martxan da udalak diruz lagundutako baratze solidarioa. Lau boluntario inguru aritzen dira ortuan lanean, eta jasotako uzta Caritas gobernuz kanpoko erakundera bideratzen dute. Urtero 2.500 euroko laguntza ematen die udalak, eta iazko maiatzean negutegia egiteko laguntza gehigarri berezi bat ere eman zien. Uzta kopuruan igarri da negutegiaren eragina, izan ere, 16.025 euroko balioa dute, guztira, aurten jasotako barazkiek (iaz baino 1.264 euro gehiago). 

Patxi Elola kooperazio zinegotziak eskerrak eman dizkie Juanjo Agirrezabala, Iñaki Oñatibia, Jose Manuel Eizagirre eta Anjel Epelderi, egiten duten boluntario lanagatik, eta herritarrak beraiekin bat egitera animatu ditu, egiten duten lana "benetan aberasgarria" delako. 

Ondoko zerrendan daude baratze solidarioan 2019ko uztan bildu dituzten barazkiak, kiloka eta unitateka:  6.320 hosto azelga hori zein berde, 87 kilo alberjinia, 206 brokoli, 591 kuiatxo, 689 kuia, bost kirol tipula, 449 aza, 572 eskarola, 256 kilo leka, 2.550 letxuga, 1.051 kilo pepino, 105 kilo piper morroi, piper italiarren 287 kilo, 2.700 porru eta 391 kilo tomate.


Laguntzaile bila

Boluntarioak "gustura" agertu dira uztarekin, eta 2020rako "aurreikuspen onak" dituzte, izan ere, urte osoan izango dute negutegia erabiltzeko aukera (2019an maiatzetik aurrera izan zuten). Horrez gain, esan zuten baten bat boluntario lanak egitera animatuz gero, baratzean egoten direla beraiek ia egunero, 08:30etik 11:30 aldera, eta nahi duenak bertara jo dezakeela. "Guk, gorputzak uzten digun arte jarraitzeko asmoa dugu", azaldu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide