Zumaiarrek protagonismo berezia izan dute aurtengo Lilatoian. Inoizko Lilatoi jendetsuenean, talderik handiena osatzea lortu dute: 151 emakume atera dira lasterka Zumaiako taldean. Antolakuntzakoek sari berezia eman diete probaren amaieran, eta emozioz eta irrifartsu igo dira oholtzara.
Zarauzko Emakume Korrikalarien taldekoek ere ez dute hutsik egin urteroko hitzordura. Talde jendetsua joan da Zarauztik ere, eta talde izaera mantenduz, elastiko laranjarekin egin dituzte ibilbidea osatzen duten bost kilometroak.
Zarauzko Emakume Korrikalariak Lilatoian. (Utzitakoa)Zarauzko eta Zumaiakoak bakarrik ez, asko izan dira Urola Kostako gainontzeko herrietatik ere Lilatoira joan diren herritarrak. Azpeititik, Azkoititik eta Zestoatik joandakoak ere asko izan dira. Gainera, Marea Urdinaren talde bat ere atera da.
Goiko argazkiak Marea Urdinarenak eta Irutxuloko Hitzarenak dira. Irutxuloko Hitzaren atarian ikusgai daude probako argazki gehiago.
Iratxe Aranburu bigarren
Izaro Rubio ordiziarra izan da gaurko probako irabazlea, bost kilometroak 18:23ko denboran eginda. Hamasei segundo beranduago iritsi da Iratxe Aranburu zarauztarra. Iaz bosgarren postuan geratu zen, eta ibilbidea hiru segundo azkarrago amaitu bazuen ere, aurtengoan podiumean sartu da Aranburu, 18:39ko denbora eginda. Sailkapen absolutuan bigarren, eta lehena izan da bere kategorian, 26 eta 45 urte arteko seniorretan.
Horrez gain, 46 eta 59 urte arteko seniorretan hirugarren egin du Libe Azkue zarauztarrak, 19:48ko denborarekin.
Hemen klikatuta ikus daiteke Lilatoiko sailkapen ofiziala denborekin, baita sarituak zeintzuk izan diren ere.