Minutu bakarra egunean. Bizienek gutxiago, agian. Sakelako telefonoa hartu, jokatu botoiari sakatu eta tentsioan jartzen da gorputza. "Nik gaur zortzi asmatu ditut!", edo "niri oso zailak jarri dizkidate gaur", bezalako iruzkinak gero eta ohikoagoak dira Egunean Behin aplikazioa bogan denetik.
Codesyntax taldeak ondutako jokoan hamar galdera erantzun behar dira egunean, eta pilatutako puntuekin osatzen dira erabiltzaileen sailkapenak; orokorra zein taldekakoak. Gero eta jende gehiago erakartzen du jakinduriaren lehiak, eta Urolako Komunikazio Taldera ere iritsi da puntuen eta galderen sukarra. Tokiko hedabideek taldeak sortu dituzte, eguneroko jolasean irakurleen arteko sailkapen bat izateko. Baleikek, Karkarak, Maxixatzenek, Uztarriak eta Zarauzko Hitzak sortu dituzte taldeak, eta bakoitzaren atari digitalean eskuragarri dago lehian parte hartzeko sarbidea.
Gosariak opari
Astero-astero, talde bakoitzean sailkapenaren buruan den erabiltzaileak bi lagunentzako gosaria irabaziko du dagokion hedabidearen herrian bertan. Horrez gain, Codesyntax taldeak bestelako sari batzuk ere eskaintzen dizkie erabiltzaileei. Aplikazioaren erabiltzaile guztien artean, astearen amaieran puntuaziorik onena eskuratu duenak saria irabaziko du. Aste honetan, esaterako, Donostiako Nineu jatetxean bi lagunentzako dastatze menua dago jokoan.
Sailkapen orokorrean 5.000 jokalaritik gora daude, ordea, beraz, buruargienek soilik lortuko dute lehia horretan izatea. Asteroko sariez aparte, sasoi amaieran talde bakoitzeko erabiltzailerik onenaren berri ere emango dute, eta horientzako sari bereziak izango dira tokiko hedabideetako sailkapenetan.
Herenegun hasi zen jokoaren denboraldi berria eta zortzi aste iraungo du. Oraingoz, erantzun ona ari dira izaten tokiko hedabideek sortutako taldeak: Baleikerenak 582 erabiltzaile ditu; Karkararenak, 153; Maxixatzenenak, 319; Uztarriarenak, 571; eta Zarauzko Hitzarenak, 299.