Hainbat sari ekarri dituzte Zumarragako Santa Lutzi feriatik eskualdera

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 16a

Joan zen ostiralean egin zuten Zumarragan Santa Lutzi feria, eta eskualdeko ekoizleek hainbat sari ekarri dute Urola Kostara. Urtero bezala, hainbat sari banatu zituzten, hala nola barazkienak eta frutenak zein animalienak. 

Errezil sagarraren lehiaketan Jose Antonio Aizpuru errezildarra nagusitu da, eta sari horri dagozkion 150 euro eta otarrea eskuratu ditu. Kapoi sariketan, berriz, Mari Carmen Egurza aiarra nagusitu da, eta bigarren saria ere Aiara eraman dute: Jose Ignacio Egurzak jaso du. Bi sarituek 150 euro eta otarre bana irabazi dituzte.

Euskal Herriko mendiko zaldien atalean, behor onenaren bigarren saria jaso zuen Mari Carmen Agirre abeltzainak; 250 euro eta zintzarria eskuratu ditu. Eta Mendi Behor Rustiko lote onenaren saria ere Azpeitira joan da: Ignacio Arangurenek jaso du. Hark 450 euro eta zintzarria irabazi ditu.

Aurtengo Santa Lutzi feriaren gaineko kronika eta argazki bilduma Goierriko Hitzaren webgunean irakur eta ikus daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide