Egun hauetan, eskualdeko herrietako kaleak, plazak eta aretoak musika doinuez beteko dira. Xexili eguna (azaroak 22) gertu, beren eguna ospatzera aterako dira musika eskoletakoak, bandak, txistulariak, abesbatzak, trikitilariak... Abenduaren 1era bitartean hainbat emanaldi iragarri dute. Hainbat herritako musika eskolak Musikalean egitasmoarekin bat eginda kalejiran aterako dira aste honetan. Azkoitian, berriz, Xexili egunean bertan aurkeztuko dute Azkoitiko Udal Musika Bandaren 150 urteko historia laburbiltzen duen Gu, banda liburua.
Zarautzen, taldeak bat
Zarautzen musikari lotutako herriko hainbat taldek kontzertua eskainiko dute Xexili egunean bertan, ostiralean, 20:30ean Aritzbatalde kiroldegian. Zarautz abesbatza, Zarautz-Txiki abesbatza, Txinpirin abesbatza, Schola Cantorum Parrokiako korua, Montetxio abesbatza, Zarauzko Musika Banda eta herriko txistulari eta atabal joleak ariko dira emanaldian. Guztira, 200 musikarik parte hartuko dute.
Emanaldirako sarrera doan izango da, baina ezinbestekoa da aldez aurretik gonbidapen txartela eskuratzea. Txartel horiek gaurtik aurrera banatuko dituzte Turismo Bulegoan eta Sanz Enea kultur etxean.
Ekitaldiak bi zati izango ditu. Aurrenekoan, abesbatzak igoko dira banaka oholtzara, txistulariek pieza bat joko dute eta azken pieza bat eskainiko dute txistulariek eta abesbatzek elkarrekin. Bigarren zatian, pieza bat joko du Zarauzko Musika Bandak eta jarraian abesbatzak bandarekin batera ariko dira. "Kanta ezagunak abestuko dituzte taldeek", aurreratu dute antolatzaileek.
Hainbat musikariren lanak interpretatuko dituzte etziko saioan, baina musikari batena nabarmendu dute. Enrique Gonzalez Arroitajauregi (Durango, Bizkaia, 1898-Zarautz, 1990) musikariaren Gerekarena kantaren moldaketa bat abestuko dute: "Gonzalez Arroitajauregi Zarauzko Musika Bandaren zuzendari izendatu zuten 25 urte zituela. 1936. urtean, ordea, Francoren tropei Musika Bandarekin agurtzeari uko egin, eta kendu egin zioten bandan zuen ardura". Zarauztik Gernikara (Bizkaia) ihes egin eta hango bandaren zuzendaria izan zen gero. Erretiroa hartuta, 70 urterekin itzuli zen Zarautzera.
Egitaraua:
AIZARNAZABAL
- Azaroak 22, ostirala. Musika eskolako ikasleek askari txiki batekin ospatuko dute Xexili eguna. Ondoren, 17:30 inguruan, kalejiran ibiliko dira kaleetan zehar eta Maixuko aurrean amaituko dute musika emanaldi batekin, eguraldiak lagunduko balu. Eguraldi txarra egiten badu ez dute kalejirarik egingo eta musika emanaldia eskola azpian izango da.
AZKOITIA
- Azaroak 22, ostirala.
- 17:45ean, Musikalean ekintzari lotuta, hainbat trikitilarik eta pandero jotzailek kalejira egingo dute.
- 18:30ean, Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako ikasleek musika eta dantza emanaldia eskainiko dute Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Musika tailerretako ikasleek eta dantza eta musika tresna talde desberdinek eskainiko dute saioa.
- 18:30ean, Musika Banda kalejiran aterako da.
- 19:00etan, Kontzejupean hainbat pieza joko dute.
- 19:30ean, Azkoitiko Musika Banda. Zaletasunaren historia bat Azkoitiko Musika Bandaren historia laburbiltzen duen liburua aurkeztuko dute, udaletxean.
- Azaroaren 24ra bitartean, Azkoitiko Musika Bandaren inguruko erakusketa dago zabalik, Torrezuri erakusketa aretoan. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara dago irekita eta larunbatean eta igandean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
AZPEITIA
- Azaroak 20, asteazkena. 19:00etatik 19:20 aldera arte Juan Antxieta musika eskolakoek Musikalean ekitaldia egingo dute: hau da, herriko kaleetan barrena ibiliko dira kalejiran, Kepa Junkeraren omenez. 19:30ean, berriz, musika eskolako jaialdia egingo dute, Soreasu antzokian.
- Azaroak 23, larunbata. 19:00etan, Azpeitiko Musika Bandaren Xexili egunari lotutako kontzertua, Sanagustin kulturgunean.
ERREZIL
- Azaroak 21, osteguna. 21:00etan, Errautsak hauspotzen Urolako trikiti proiektuaren aurkezpena eta mokadutxoa, Borondegi kultur etxean.
GETARIA
- Azaroak 22, ostirala. 19:30ean, Getariako Musika Bandak kalejira egingo du.
- Azaroak 24, igandea.
- 12:30ean, Getariako Salbatore Abesbatzaren kontzertua, Salbatore Deunaren parrokian. Zuzendaria: Ruben Mejuto.
- 12:30ean, Balentziaga Museoan. Balenciaga eta Musika kantu eta piano errezital dramatizatua. Sarrera doakoa da. Parte hartuko dute Maria Barandiaranek (piano-jotzailea), Maria Mendizabalek (sopranoa), Mariu Emilasek (testuak) eta Agurtzane Intxaurragak (eszena). Kontzertu honek Cristobal Balentziagaren sormen-unibertsoa haren garaiko konpositoreekin lotzea du xede.
- Abenduak 1, igandea. 12:30ean, Gazte Alaiak txistulari taldearen kontzertua, Salbatore Deunaren parrokian.
ORIO
- Azaroak 20, asteazkena. 17:30ean, Danbolin musika eskolako ikasleen kalejira Kultur Etxetik irtenda. Ikastola aurreko plazan, dantzariek emanaldi txiki bat eskainiko dute. Ondoren, berriz ere kalejiran, futbol zelaiaren aurreko plazara joango dira eta, bertan, gitarra eta soka taldeek abesti batzuk joko dituzte. Gero, Kultur Etxe atzeko plazara joango dira eta bandako ikasleek hainbat pieza joko dute. Bukatzen dutenean, parte hartuko duten ikasle guztiei txokolate beroa banatuko diete.
- Azaroak 24, igandea. 12:45ean, Salatxo abesbatzaren kontzertua, Nikolas Deunaren parrokian.
ZARAUTZ
- Azaroak 21, osteguna. Imanol Urbieta Udal Musika Eskolako ikasle eta irakasleek Musikaren Eguna ospatuko dute. 17:30ean irtengo dute kalejiran musika eskolatik
- 18:00etan, Musika Plazan hainbat abesti eskainiko dituzte.
- Amaieran, txokolatada, Musika Plazan.
-Azaroak 22, ostirala. 20:30ean, herriko hainbat talderen kontzertua, Aritzbatalde kiroldegian. Parte hartuko duten taldeak: Zarautz abesbatza, Zarautz Txiki abesbatza, Txinpirin abesbatza, Schola Cantorum parrokiako korua, Montetxio abesbatza, Zarauzko Musika Banda eta herriko txistulari eta atabal jotzaileak. Sarrera doan da, baina aldez aurretik eta gaurtik aurrera, gonbidapen txartela jaso beharko da Turismo Bulegoan edota Sanz Enea kultur etxean.
ZESTOA
- Azaroak 22, ostirala. 17:00etan, Ertxiña musika eskolakoen kalejira, Musika Eskolatik plazara eta buelta.
- 18:30ean, musika emanaldia eta solfeoa bukatu dutenei diplomak banatzea, Kultur Etxeko aretoan.
- Azaroak 23, larunbata. 19:00tan, Zestoako Musika Bandaren Santa Xexili eguneko kalejira. 20:00etan, kontzertua.
ZUMAIA
- Azaroak 21, osteguna. 18:30ean, Zumaiako Musika Banda eta Txori Txiki musika eta dantza eskolako ikasleen kalejira.
- Azaroak 22, ostirala. 19:00etan, Zumaiako Musika Bandaren eta OCP & Slam-en kontzertua, Kofradian. Bertan, Txori Txiki musika eta dantza eskolako Flysch kameratako ikasleek parte hartuko dute.
-Azaroak 23, larunbata. 19:00etan, San Pedro eta Luberri abesbatzen kontzertua, Komentuan.
-Azaroak 24, igandea. 10:00etan, Udal Txistulari Bandaren kalejira. 12:30ean, Beheko Plazako abesbatzak Itziarko parrokian abestuko du.