Gaur, azaroak 10, izan da aurtengo hirugarren hauteskunde eguna. Espainiako Kongresurako eta Senaturako hautagai zerrendak bozkatu dituzte milaka herritarrek, eta apirilean bezala, oraingoan ere EAJ izan da alderdi bozkatuena Urola Kostan, 11 herriak kontuan hartuta. Guztira 15.983 boto lortu dituzte jeltzaleek. Bigarren indarra EH Bildu izan da, 13.823 boto eskuratuta. Ahal Dugu Podemos izan da hirugarren indarra 4.155 boto jasota, eta laugarrena PSE-EE 3.975 boz eskuratuta. PKongresurako hauteskundeen emaitzak dira horiek.
2019ko apirilaren 28ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako eskualdeko emaitzekin alderatuta, EAJk, Ahal Dugu Podemosek eta PSOEk behera egin dute botoetan. Oraingo bozetan alderdi jeltzaleak 722 boto gutxiago jaso ditu; Ahal Dugu Podemosek 1.083 boto gutxiago; eta, PSOEk 644 boz gutxiago. Apirilean baino boto gehiago jaso dituztenak ere badira: EH Bilduk 241 boz gehiago jaso ditu eskualde mailan eta PPk 86 boto irabazi ditu.
Urola Kostako 11 herriak kontuan hartuta, apirileko hauteskundeetan bezala EAJk irabazi du herri gehienetan, seitan, hain zuzen ere: Aian, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Orion eta Zarautzen. EH Bilduk bost herritan irabazi du: Aizarnazabalen, Errezilen, Getarian, Zestoan eta Zumaian. Hala ere, bada alderik oraingo honetan: apirilekoan Zumaian EAJk irabazi zuen, eta Beizaman bi alderdi abertzaleek berdinketa izan zuten.
Parte hartzea apirilekoa baino txikiagoa
Urola Kostan 57.477 herritar zeuden deituta botoa ematera, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan parte hartzeko. Horietatik 40.233 hauteslek eman dute botoa, eta eskualdeko parte hartzea %69,99 izan da.
Apirileko hauteskundeetan parte hartzea %70etik gorakoa izan zen Urola Kostako ia herri guztietan. Oraingo honetan, ordea, Azkoitian (%70,24), Getarian (%76,34) eta Zarautzen (%72,21) bakarrik gainditu da parte hartze kopuru hori. Aurreko bozetan bezala, parte hartzerik handiena Getarian izan da %73,26, eta bigarren parte hartze handiena Zarautzen izan da, %72,21. Eta azken bozetan bezala, Beizaman izan da oraingoan ere parte hartze txikiena: %56,14 (%59,29 apirilean).
Honako hauek dira herriz herriko datuak: