Irekita daude hauteslekuak, eta herritarrak botoa ematen ari dira

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 10a

Espainiako Gorteetarako hauteskunde eguna da gaur, igandea, eta herritarrek Kongresurako eta Senaturako ordezkariak aukeratuko dituzte. 09:00etan zabaldu dituzte hauteskunde mahaiak, eta herritarrak normaltasunez ari dira botoa ematen dagokien hauteslekuetan. 20:00ak arte izango dute herritarrek botoa emateko aukera, orduan itxiko baitituzte hautetsontziak.

Urolakosta.hitza.eus-ek, aurreko hauteskundeetan egin izan duen bezala, hauteskundeen jarraipen berezia egingo du egun osoan zehar, eta Urola Kostako herrietan izan diren emaitzen berri emango du iluntzean.

Lau urtean laugarrenez egingo dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak gaur, eta aurten bigarren aldiz; izan ere, apirilaren 28an egin ziren hauteskundeen ondoren ez dute Espainiako Gobernua osatzerik lortu alderdiek. Apirileko bozetan nabarmen igo zen Urola Kostako parte hartzea aurreko aldiarekin konparatuta –%74,68k bozkatu zuten apirilean, eta 2016an, berriz, %60,83k–.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide