Preso katalanen aurkako epaia salatu dute kaleetan eta plazetan

Urola Kostako Hitza 2019ko urr. 15a, 10:39

Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik epaitu dituen bederatzi buruzagi independentistari, sedizioa leporatuta. Behin-behinean espetxean zeudenak dira kartzelara zigortu dituenak: Oriol Junqueras, Raul Romeva, Joaquin Forn, Jordi Turull, Jordi Rull, Dolors Bassa, Carme Forcadell, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart. Beste hiru –Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras– berriz, desobedientziagatik zigortu dituzte, eta beraz ez dira espetxera joango. Preso katalanen aurkako epaia salatzeko, protestara deitu zuen atzo Gure Eskuk. Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian egin zituzten elkarretaratzeak eta manifestazioak. Zestoan, berriz, gaur egingo dute elkarretaratzea, hango EAJk eta EH Bilduk deituta. 20:00etan bilduko dira, plazan.

AZKOITIA
Ikurrina, estelada eta txilibitu artean, elkarretaratze zaratatsua egin zuten atzo arratsaldean, Azkoitiko plazan. Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako bederatzi buruzagi independentistei ezarritako epaia salatu zuten dozenaka lagunek. Halaber, datorren zapatuan, urriak 19, Donostian egingo den manifestaziora joateko deia zabaldu dute Gure Eskuko kideek. Lluis Llachen L'Estaca doinuekin eta txalo zarten artean amaitu zuten atzoko elkarretaratzea.

 

AZPEITIA

Elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo arratsean Azpeitiko plazan, Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako bederatzi buruzagi independentistari ezarritako kartzela zigorrak salatzeko eta haiekiko eta Kataluniarekiko elkartasuna adierazteko. Dozenaka lagunek egin zuen bat Azpeitiko Gure Eskuren deialdiarekin; elkarretaratzera batzeko deia luzatu zuten Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko EH Bilduk, eta Azpeitiko EAJren ordezkaritza ere zabala izan zen plazan. Ikurrina eta estelada ugari ikusi ziren kontzentrazioan parte hartu zutenen eskuetan, baita aurre-aurrean jarri zuten Erreferenduma ez da delitua leloa zuen pankartaren bi aldeetan ere.

Bukaeran, epaiaren "bidegabekeria" eta "izaera politikoa" nabarmendu zituzten, besteak beste, elkarretaratzearen deitzaileek. Kataluniako presoak eta haien gertukoak ez ezik, Altsasukoak eta haien etxekoak ere gogora ekarri zituzten, eta zapatuan, urriak 19, "Donostiako kaleak betetzera" gonbidatu dituzte herritarrak, egun horretarako deituta dagoen manifestazioan parte hartuz. Plaza hustu aurretik, Kantu Jira taldekoek Agure zaharra kantatu zuten, Lluis Llachen L'Estacaren euskarazko bertsioa, eta txalo artean hartu zuten abestia plazan elkartutakoek.


GETARIA

Gure Eskuk deituta, elkarretaratzea eta manifestazio zaratatsua egin zituzten dozenaka herritarrek, atzo arratsaldean, Getarian. Plazan bildu ziren Erreferenduma ez da delitua zioen pankarta eta Kataluniako hainbat bandera soinean hartuta. Kataluniako auzian zigortutakoak  eta Altsasuko gazteak izan zituzten gogoan. Segidan, manifestazio zaratatsua egin zuten.

 

ORIO

Dozenaka lagunek  egin zuten bat atzo arratsaldean Orioko Gure Esku taldeak deitutako elkarretaratzearekin. Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako bederatzi buruzagi independentistari ezarritako kartzela zigorrak salatu zituzten protestan, eta haiekiko eta Kataluniarekiko elkartasuna adierazi zuten bertan bildutakoek. Estelada artean egin zuten protesta Zakilaneko aldapan. Halaber, datorren larunbatean, urriak 19, Donostian egingo den manifestaziora joateko deia zabaldu zuten Gure Eskuko kideek. Txalo zarten artean amaitu zuten elkarretaratzea.

 

ZARAUTZ

Zarautzen ere jende asko bildu zen Gure Eskuk egindako deialdian, Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako bederatzi buruzagi independentistari ezarritako kartzela zigorrak salatzeko eta haiekiko eta Kataluniarekiko elkartasuna adierazteko. Elkarretaratze zaratatsua egin zuten bertan.

 

ZUMAIA

Gure Eskuk deitutako Zumaiako mobilizazioetan ere jende asko bildu zen atzo arratsaldean. Deialdiarekin bat egin zuten EAJk, EH Bilduk, ELAk, ESK-k eta LABek. Erreferenduma ez da delitua, askatasuna lelopean egin zituzten mobilizazioak. Euri tantei aurre eginda, 20:00etan bildu zen jendea Erribera kalean, magnolio aurreran. Txilibitoak joaz eta kazolak eta zartaginak astinduz elkartu dziren bost minutu inguruan. Jarraian, manifestazioa egin zuten herriko kaleetan zehar.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide