Gipuzkoako Foru Aldundi berriak atzo ekin zion 2019-2023 agintaldiari, eta kargua hartu duten bederatzi diputatuetatik hiru Urola Kostakoak dira: Jabier Larrañaga eta Eider Mendoza azpeitiarrak eta Imanol Lasa zarauztarra. Hirurak EAJ alderdiko kideak.
Joan den ostiralean izendatu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek Markel Olano ahaldun nagusi, eta atzo Foru Gobernu berria eratzeko batzarra egin zuten.«Datozen lau urteotan aurreko lauetan hasitako bidea jarraituko eta kontsolidatuko dugu», nabarmendu zuen Markel Olano diputatu nagusiak atzo goizeko kargu hartze ekitaldi publikoan eta ofizialean. EAJren eta PSE-EEren koalizio Foru gobernu berria eratzeko ekitaldia egin zuten atzo, eta bederatzi diputatuek kargua irudikatzen duten lepoko bereizgarria jaso zuten Olanoren eskutik.
Izendapenei dagokienez, Imanol Lasa (Zarautz, 1973) izango da Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua. «Gipuzkoako ekonomia ehunaren lehiakortasuna indartzea» izango du xede nagusi Lasa buru izango duen departamentuak, enpleguaren kalitatea sustatzea, eta jarduera ekonomiko berriak sortzen laguntzea bezalako lehentasunekin. Garai bateko egitura berreskuratuz, Turismoko zuzendaritza Lasa buru izango duen departamentuaren mende egongo da. Bestalde, Lehen Diputatu Nagusiordea izango da Lasa.
Jabier Larrañagak (Azpeitia, 1972) bigarren agintaldia hasiko du Ogasuneko eta Finantzetako departamentuko diputatu karguan. «Zerga sistema gero eta justuagoa, progresiboagoa eta berdintasunezkoagoa finkatzen jarraitzeko apustua» egiteko asmoa du Larrañaga buru duen departamentuak. Zerga iruzurra eta ihesari aurre egiteko baliabideak, erakunde arteko elkarlana eta araudia hobetzea, eta zerga politika ekonomia sustatzeko eta aberastasuna sortzeko tresna gisa kudeatzea helburu izango duela ere nabarmendu du Larrañagak.
Eider Mendozak (Azpeitia, 1974), berriz, diputatu kargua estreinatu du: aurreko agintaldian Batzar Nagusietako presidente izan ondoren, agintaldi berrian Gobernantza departamentuaren buru izango da Gipuzkoako Foru Aldundian, eta erakundearen bozeramailea ere izango da.