Gaurik luzeenaren zain

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ekainaren 21a

Eskualdeko ia herri guztietan izango da zer ospatua asteburu honetan, San Joan suaren bueltan. Sanjoanak ere ospatuko dituzte Aian Iturriotzen, Azpeitian Oñatzen eta Urrestillan, Getarian Balentziagan eta Zarautzen Zelai Ondon.

San Joan eguna entzunda uda etortzen zaio jendeari gogora, eta uda entzunda, festa giroa. Honezkero eguraldi onari probetxua aterata egongo dira batzuk; agerikoa da hondartza zaleentzat, sorosleentzat eta aparkalekuentzat dagoeneko hasita dagoela uda. Urteko sasoien hurrenkerari jarraituz, ordea, larunbatean helduko da udako solstizioa.

Bizi-ohiturak eta lan egiteko modua urteen poderioz asko aldatu diren arren, kontu batzuek berdin jarraitzen dute. Aintzina, udako eguraldi onari eta uzta oparoari ongietorria egiteko eta negu hotzeko izpiritu ilunak erretzeko ospatzen zen San Joan gaua. Egun, gehiengoak uzta onik espero beharrik ez duen arren, kutsu bera mantendu du Euskal Herrian. Eta, nola ez, tradizioari lotutako zeremonia gehienetan egiten den bezala, festa giroan ospatuko dituzte San Joan bezpera eta haren aurretik eta atzetik dauden egunak.

Aiako Iturriotz auzoan, Azpeitiko Oñatz auzoan eta Urrestillan, Getariako Balentziaga kalean eta Zarauzko Zelai-Ondo auzoan asteburu osoan zehar izango da ospakizunetarako eta jai giroan murgiltzeko aukera. Toki gehienetan astelehenean, San Joan egunean, amaituko dituzte festak, baina Aiako Iturriotzen asteartera arte luzatuko dituzte, ekaitzaren kontrako eta auzoan hildakoen aldeko mezarekin eta haren ostean egingo duten hamaiketakoarekin. Urrestillan, berriz, asteazkenera arte, San Joan Hirugarrenera arte festetako ekitaldiak izango dira.

Festarako aukerarik, beraz, ez da faltako datozen egunetan. Ostiral berezia izango da biharkoa askorentzat, haur gehienek, behintzat, ikasturtea amaituko dute.

SANJOANAK, HERRIZ HERRI

AIA, ITURRIOTZ
Ekainak 21, ostirala.
- 21:30. XXIV. Mus Txapelketa, Izurtzu erretegian. Bikoteko 30 euro ordaindu behar da. Sariak: bikote txapeldunarentzat, txapela eta garaikurrak, bi lagunentzako afaria Katxina txakolindegian eta 100 euro; bigarrenarentzat, garaikurrak, bi lagunentzako afaria Errota jatetxean eta 60 euro; hirugarrenarentzat, bi laguntzeko afaria Izurtzu erretegian, bi txanpain botila eta 40 euro; eta laugarrenarentzat, bi lagunentzako afaria Aristerrazu jatetxean eta bi txanpain botila.
Ekainak 22, larunbata.
- 09:00. Baserri bisita, auzoko baserrietan.
- 22:30. Izer eta Alabierrekin erromeria.
Ekainak 23, igandea.
- 18:30. Mirari eta Aintzanerekin erromeria.
Ekainak 24, astelehena. San Joan eguna.
- 10:30. Meza, umeen eta loreen bedeinkapena.
- Ondoren, herri kirolak: auzoko gazteak eta Asier Pellejero eta Unai Zabala aizkolariak.
- Jarraian, Irazu eta Peñagarikano bertsolariak eta Tapia eta Leturia eta Elustondo anai-arrebak trikitilariak.
- Segidan, bazkaria.
- 22:30. Tapia eta Leturia eta Elustondo anai-arrebekin erromeria.
Ekainak 25, asteartea.
- 12:00. Meza, ekaitzaren kontra eta auzoan hildakoen alde.
- Ondoren, hamaiketakoa.

AIZARNAZABAL
Ekainak 23, igandea.
- 22:00. San Joan sua piztuko dute, ohiturari jarraituz.
- Ondoren, Alaitsu dantza taldeak emanaldia eskainiko du, bide batez, dantza ikasturteari amaiera emango diote.

AZKOITIA
Ekainak 23, igandea.
- 22:00. Balda plazan, San Joan bezperako ekitaldia. Anaitasuna Kakute xake taldeak eta Iraurgi abesbatzak piztuko dute sua. Aurretik, dantza eta musika ekitaldiak.

AZPEITIA
Ekainak 23, igandea.
- 22:00. San Joan sua, herriko plazan. Itsasi Euskal Kultur Taldeak antolatutako ekitaldia, sua eta tradizioan oinarrituta egongo da. San Juan doinuarekin dantzan egiteaz gain, beste hainbat dantza tradizional ere plazaratuko dituzte.

AZPEITIA, OÑATZ
Ekainak 22, larunbata.
- 11:30. Meza.
- Ondoren, trikitilariak.
- Iluntzean, auzo afaria.
Ekainak 23, igandea.
- 12:00. Herri kirol erakustaldia.
- Ondoren, trikitilariak.
- Iluntzean, San Joan sua.

AZPEITIA, URRESTILLA
Ekainak 21, ostirala.
- 19:30. Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldearen emanaldia.
Ekainak 22, larunbata.
- 10:00. Binakako I. Pala Txapelketa Azkarra, Txikuri pilotalekuan.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 17:00. Jolasak.
- 19:30. Errietan taldearen kontzertua.
- 21:00. Luntxa.
- 22:00. Istilu, Silence, Garilak 26 eta El Diluvi taldeen kontzertuak.
Ekainak 23, igandea. San Joan bezpera.
- 11:00. Lore sorta tailerra.
- 13:00. Herri kirolak.
- 20:00. Poteo herrikoia.
- 21:00. Pregoia eta omenaldia.
- Ondoren, herri afaria.
- 00:00. San Joan zuhaitza sartuko dute.
- 00:30. San Joan sua piztuta, suaren inguruan dantzaldia.
- Ondoren, erromeria Laket taldearekin.
Ekainak 24, astelehena. San Joan eguna.
- 11:45. Udal Musika Bandaren kontzertua.
- 13:00. Buruhandiak.
- 17:30. Iago Magoren magia emanaldia.
- 18:30. Merienda.
- 22:00. Urrestillako umeen ikuskizuna: Herri txiki, infernu handi.
Ekainak 25, asteartea. San Joan Txiki.
- 12:30. Sagardo dastaketa.
- 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen-ematea.
- 15:15. Mus txapelketa.
- 16:00. Puzgarriak haurrentzat.
- 17:30. Merienda.
- 20:00. AGL akademiako ikasleen dantzak.
Ekainak 26, asteazkena. San Joan Hirugarrena.
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
- 20:30. Afari-merienda.
- Ondoren, zuhaitzaren entierroa.

BEIZAMA
Ekainak 23, igandea.
- Iluntzean, sardina-jana herriko plazan.
- Ondoren, San Joan sua.

GETARIA, BALENTZIAGA KALEA
Ekainak 23, igandea.
- 11:00. Meza, auzoko hildakoen alde.
- 17:30. Txokolatada haur eta helduentzat.
- 18:00. Mago tailerra eta ekitaldia, Getariako Guraso Elkartearen eskutik.
- 19:00. Hirugihar pintxoak jarriko dituzte saltzen.
- 21:30. Danborrada, Getariako Musika Bandarekin.
- Ondoren, San Joan sua.
- Jarraian, DJ Aros.
Ekainak 24, astelehena. San Joan eguna.
- 12:00. Txistorra ogitartekoak banatuko dituzte tabernan, musikaz alaituta.
- 12:30. Umeentzat jolasak, Urritza taldearekin­.
- 19:30. Danel Olano eta Libe Goenaga bertsolariak, taberna inguruan.
- 20:30. Afari herrikoia. Menua: sardinak, gazta eta menbriloa. Gainontzekoa norberak eraman dezake.
- Ondoren, Izer eta Alabierrekin erromeria.

ORIO
Ekainak 23, igandea.
- 21:30. Sorgin taldea Kosta tailerretik aterako da, eta herrian barrena kalejira egingo dute.
- Ondoren, dantza emanaldia eskainiko dute, Ikastolaren aurreko plazan, San Joan suaren inguruan.

ZARAUTZ, ZELAI ONDO
Ekainak 21, ostirala.
- 19:00. Txupinazoa, Zulaika Botikaren biribilgunean.
- 19:00. Txan Magoaren emanaldia, Zelai Ondoko pistan.
- 19:30-22:30. Parrilada bolatokian, Unplug eta Roll abeslariekin girotuta.
- 23:00. Musika emanaldia Gozo-Gozo taldearen eskutik, Zelai Ondoko pistan.
Ekainak 22, larunbata.
- 09:00. Goizeko Ihintza txistulari taldea Zelai Ondoko kaleetan zehar.
- 11:00-14:00. Haurrentzako puzgarriak, Zelai Ondoko pistan (eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian), VI. Patata tortilla lehiaketa eta marrazki txokoa bolatokiaren ondoan (patata tortillak 12:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira).
- 13:00. Tortilla lehiaketaren sari banaketa eta pintxo potea.
- 15:30-17:30. Haurrentzako puzgarriak, Zelai Ondoko pistan (eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian).
- 17:30. Zelai Ondoko 4. Auzo Krosa, Zulaika Botikaren biribilgunean. Izen-ematea 17:00etan izango da. Jakinarazi dutenez, parte hartzaileen artean Xibartako izozkiak banatuko dituzte. - Ondoren, sari banaketa eta txokolatada egingo dituzte.
- 19:00. Ginkana Haize-Orratz gaztelekuko hezitzaileekin, Zelai Ondoko pistan.
- 17:00-20:00. Bolatokia irekita egongo da nahi duenarentzat.
- 19:30-22:30. Parrilada, bolatokian
- 22:30. Erromeria Fan&Go taldearen eskutik, Zelai Ondoko pistan.
Ekainak 23, igandea.
- 09:00. Goizeko Ihintza txistulari taldea, Zelai Ondoko kaleetan zehar.
- 10:00. Zelai Ondoko VI. Bola eta Toka Txapelketa, Andres Illarramendiren omenez.
- 11:00. Haur txokoa, bolatokiaren ondoan.
- 14:00. Zelai Ondoko VI. Auzo Bazkaria. Zelai Ondoko pistan, Eutxourrei taldearen eskutik. Eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian izango da. Txartelak salgai daude Iluntze, Trigal, Aritzbatalde eta Zelaitxo tabernetan.
- Bazkalostean, mahai jolasak izango dira helduentzat, eta haurrentzat, partxis erraldoia.
- 19:30. Parrilada eta sardina jana, bolatokian.
- 21:30. Matraka elektrotxarangaren kalejira, San Joan sura.
- 22:00. San Joan sua, Antonio Aranzabal zenaren zelaian, Mitxelena kalean. Montetxio abesbatza, Jalgi dantza kalea, Goizeko Ihintza txistulari taldea eta Zarauzko Txalaparta Eskolako eta ikasleak izango dira bertan.
- 23:00. Bolatokira itzulera, Matraka elektrotxarangarekin.

ZESTOA
Ekainak 23, igandea.
- 22:30. San Joan sua, Itxaropena Dantza Taldearen eta Idiakaitz Txistulari Taldearen lanari esker.

ZUMAIA
Ekainak 23, igandea.
- 22:00. Sanjuaniturrin, San Joan sua, dantzari eta txiskulariekin.
- Jarraian, Gernika parkean, Ekhi Gaua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide