Gaurkoan, Zumaiako Herri Eskolarekin batera, bertako eta inguruko herri eta auzoei (Oikia, Aizarnazabal, Arroa … ) zerbitzua ematen dien Zumaiako Institutura egin dugu bisita. Bertan abegitsu hartu gaituzte eta gustura eman digute beraien hezkuntza eskaintzaren berri: "Hezkuntza ibilbideko maila guztiak asetzen ditugu: Haur Hezkuntza, Lehen eta Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoak. Honez gain, Zereginen Ikaskuntzarako Gela (ZIG) daukagu, Gipuzkoan erreferente izan dena eta Lanbide Heziketako Goi Mailako Ziklo bat ere eskaintzen dugu, Administrazio eta Finantzetakoa".
Bertako jolastokian pasealdia egitera gonbidatu gaituzte eta harrituta geratu gara horrelako landaredia eta baratzea ikusita: "Zorte onekoak gara horrelako espazioak erabiltzeko aukera izatearekin", esan digu Ismael irakasleak. "Ikasle kopuru handia dugunez, eskaintza zabala egiteko aukera dugu, ohiko taldeez gain, curriculum aniztasuneko taldea, ikasle etorri berriei hizkuntza errefortzua... Gure helburua jatorri, kultura, gaitasun, izaera eta sentsibilitate ezberdineko ikasleei heziketa osoa eskaintzea da, gizartearen behar eta eskariei aurre egiteko pertsona gaituak, autonomoak, kritikoak eta konprometituak prestatuko dituena, bertan nahiz mundu zabalean parte hartzeko gai izan daitezen".
Lanbide Heziketako Goi Mailako Zikloa: Baina gure gaurko bisitaren helburu nagusia Lanbide Heziketaren inguruan aritzea da, eta honi buruz galdetu diogu gure solaskideari: "Administrazio eta Finantzetako Goi Mailako Teknikari titulua lortzeko aukera ere eskaintzen dugu... Bi ikasturtetan banatutako ikasketak dira. Edozein enpresetako bulegotan sortu daitezkeen zeregin ezberdinetan trebatzea dute helburu. Lehen urtea eduki kontzeptua-
letan aberatsagoa da eta garrantzi handia ematen zaio atzerriko hizkuntzaren ikasketari, gaur egun horren beharrezkoa den Ingelesa».
Beraz, ikasketa teorikoak al dira ?
Inondik ere ez! Lanbide Heziketaren oinarria eginez ikastea da eta horretan gabiltza gu ere. Hasieratik saiatzen gara ikasgai guztien gerturatze ahalik eta praktikoena egiten. Hala ere bigarren ikasturtean hau askoz ere nabarmenagoa da. Ikasleek enpresa simulatuan ordu asko sartzen dituzte bulego bateko lan guztiei era integratuan aurre eginez... otsaila amaieratik aurrera enpresetara doaz lan-praktikak egitera... Nahi izanez gero, praktika hauek atzerrian egiteko aukera ere badute Erasmus Plus programaren bitartez...
Aizue! Eta zer da Irakaskuntza Dualaren kontu hori ?
Lehen aipatu dizudan eginez ikastea filosofiaren ondorio logikoa. Ikaslearen ikasketa prozesua ikastetxea eta enpresaren artean banatzen da, ikasle bakoitzak non, zer eta nola landuko duen aurretik adostuz. Ikasleentzat lan karga handitzen da baina lanean baizik lortu ezin den esperientziaren jabe egiteaz gain lan merkatuan ere sartzea lortzen dute eta, nola ez, denontzat horren beharrezko diren sosa batzuk poltsikoratzea ere bai.
Zuenean horrelakorik ba al da?
Bai. Gu ere sartuak gara Irakaskuntza Dualean eta orain arteko esperientzia ona dela esan behar dugu. Bai ikasle, zein enpresatik, balorazio onak jaso ditugu eta datorren urtera begira aukera zabaldu dugu enpresa berriekin elkarlanean.
Eta ikasketak bukatuta... Zein irteera ditu ziklo honek?
Oso lan esparru zabala hartzen duen titulazioa da dudarik gabe. Edozein enpresak, den sektorekoa dela, bulegoko administrazio lanak egin beharko ditu. Honetaz gain, aholkularitza lanak, administrazio publikoko bulego ezberdinetako zereginak, finantza erakundeetan... Edozein sektore edo azpisektore aktibatu orduko gure arloko lan merkatua ere aktibatzen da. Oso kolokazio tasa polita daukagu. Ahaztu gabe... nork bere buruaren nagusi izan nahi badu ere, auto enplegurako oinarrizko trebakuntza jasotzeko ziklo egokia dela deritzogu.