Joan zen asteleheneko Zestoako eta Zarauzko bi lan heriotzak salatzeko, elkarretaratze bana egin dute gaur Azpeitian eta Zarautzen sindikatuek deituta. Laneko ezbeharrak segurtasun neurriak betetzen ez direlako gertatzen direla salatu dute, eta arazoari irtenbidea emateko "borondate politikoa" eskatu diete erakunde publikoei. Azpeitian, herriko zazpi eragilek deituta beste elkarretaratze bat egingo da gaur, 19:00etan, plazan.
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, Azpeitiko plazan dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute gaur, asteazkena, Azpeitiko plazan, joan zen asteleheneko bi lan heriotzak –Urrestillakoa zen Zestoan hil zen behargina– salatzeko. Kontzentrazioa Istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea lelopean egin dute, eta bertan izan dira, besteak beste, hil zen langilearen alarguna eta senideak; baita hainbat udal ordezkari ere.
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkari banak hartu dute hitza mobilizazioan, eta ELAk azpimarratu du lan istripuak "inoiz" ez direla kasualitatea izaten; hain zuzen ere, laneko ezbeharrak segurtasun neurriak ez betetzeagatik gertatzen direla esan du Izaro Mujika sindikatu horretako Lan Osasuneko arduradunak, eta ELAk dei berezia egin die erakundeei beste behin, langileen segurtasuna bermatzeko "baliabide ekonomikoak" jar ditzaten eta arazoari irtenbidea emateko "borondate politikoa" izan dezaten.
LAB sindikatuko Urola Kostako arduradun Aiotz Aiestaranek ere ildo beretik hitz egin du, eta hark langileekin lerrokatzeko eta "langileen bizitzaren alde" lan egiteko eskatu die erakundeei. LAB sindikatuak ere, lan istripuak saihesteko neurri "zehatzagoak eta eraginkorragoak" hartzea eskatu dio administrazioari.
"Astelehen beltza" gisa definitu dute sindikatuek herenegungoa. Izan ere, bi lan heriotza izan ziren egun horretan; bata Zestoan, eta bestea Zarautzen. Urrestillako bizilaguna zen Aizarnako pinudi batean lanean ari zela hil zen 50 urteko gizonezkoa. Zuhaitz bat gainera erori ondoren zendu zen behargina, istripuaren unean bertan. Zarautzen ere beste behargin bat hil zen egun horretan, garabi baten gainean lanean ari zela ibilgailua behera erorita. Beste langile bat ere zauritu zen istripu hartan.
Zarautzen, CCOOk deituta
Zarauzko Lege Zaharren enparantzan egin dute elkarretaratzea CCOO sindikatuak deituta. Bertan izan dira EAJ, EH Bildu eta PSE-EE udal taldeetako ordezkariak, besteak beste. Lan istripu gehiagorik ez! zioen pankartaren atzean elkartu dira 30 pertsona inguru. Asteleheneko lan ezbeharrak "esanguratsuak" direla adierazi dute sindikatuko kideek, eta lan istripuen atzean lan merkatuaren "egoera prekarioa" dagoela salatu dute. Hala azaldu du Alfonso Rios CCOOko Lan Osasunaren arduradunak: "Patronaletik azalpenak ematen dituzte, esanez lan istripuak langileek beren buruaz duten gehiegizko konfiantzaren eraginez direla esanaz. Guk azalpen hori ez dugu ontzat hartzen". Riosek uste du enpresek ez dietela langileei behar bezalako formakuntzarik eskaintzen, lanean istripurik izan ez dezaten.
Jarraian, basozaintzaren sektoreko "arazo larriaz" hitz egin du Riosek. Zestoan hil zen langilea basozaina zen, eta martxoaren 20an ere beste basozain bat hil zen lanean ari zela, Muxikan (Bizkaia). 2018an izandako 34 lan heriotzetatik bost basoko lanetan gertatu ziren, eta herritarren %1ek egiten du lan sektore horretan. "Ratio beldurgarria" dela uste du CCOOek, eta "sektore horretan zerbait oso larria" ari dela gertatzen. "Honen aurrean, ardura dutenek zerbait egitea espero dugu", azaldu du Riosek. Enpresek segurtasun neurriak indartu behar dituztela nabarmendu du Riosek.
Beste elkarretaratze bat, 19:00etan, Azpeitian
Bestalde, arratsaldean beste elkarretaratze bat deitu dute lan istripuak salatzeko. Prekarietateak hil egiten du. Bizitza duinak herritarrontzat lelopean, 19:00etarako jarriko dute hitzordua herriko plazan, CNT, ELA eta LAB sindikatuak, Sortu alderdiak, Elkar-ekin eta Ernai taldeek eta Azpeitiko Gaztetxeak.