'Inaziotar bidea Euskadin' dokumentala eskainiko dute Azkoitiko Intsausti jauregian

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 28a

Martxoaren 7an emango dute ikus-entzunezkoa Azkoitian. Emanaldira joateko interesa dutenek aurrez eman beharko dute izena. Aretoak plaza kopuru mugatua du, eta, gehienez, 50 lagunek izango dute dokumentala ikusteko aukera. Dagoeneko irekita dago erreserbak egiteko epea.

Joan zen azaroan Azpeitiko Madalenako Ospitalean estreinatu zuten El Camino Ignaciano en Euskadi dokumentala, Inaziotar Bidearen zabalkunderako egindako ikus-entzunezkoa. Orain, herriz herri ematen hasi dira, eta Azkoitian ere egingo du geldialdia. Martxoaren 7an eskainiko dute Antonio Cristobalek zuzendutako lana Azkoitiko Intsausti jauregian, 18:00etan hasita. Plazak mugatuta egongo dira, eta, gehienez, 50 lagunek izango dute dokumentala ikusteko parada. Proiekziora joateko interesa duten herritarrek aurrez erreserba egin beharko dute  943-85 71 70 telefonora deituta edo kultu@azkoitia.eus helbidera mezua bidalita. Izen-ematea helbide elektronikoz egiten dutenek izenburuan Documental  Ignaciano jarrita. 

Plazak erreserba egiten dutenen ordenaren arabera gordeko dira . Erreserba egiteko aukera zabalik dago jada. Martxoaren 7ko 13:00era arte egongo da irekita erreserba egiteko epea. Plazak beteko ez balira, egunean bertan publikoa iristen den ordenean sartuko litzateke.

El Camino Ignaciano en Euskadi  dokumentala Luanma Films produkzio etxeak ekoiztu du Basquetourrek eskatuta eta Iraurgi Berritzenen lankidetzarekin. Dokumentalaren helburua da Inaziotar Bidea ezagutaraztea eta egitasmoari balioa ematea.

Oscar Terol aktorea da Antonio Cristobalek zuzendu duen ikus-entzunezkoaren protagonista eta gidaria. 50 minutuko bi ataletan banatu dute lana: Loiola eta Arantzatzu lotzen dituen Hiru Tenpluen ibilbidea erakusten du aurrenekoan Terolek; eta Arantzazutik Arabako Lapuebla de Labarca herrirainoko etapak, berriz, bigarren atalean. Izan ere, Loiolako Inaziok egin zuen bidean oinarrituta Inaziotar Bidea Manresaraino (Katalunia) iristen den arren, Gipuzkoa eta Araba zeharkatzen dituzten bidearen zazpi etapak eta 150 kilometroak erakutsi nahi izan dituzte ikus-entzunezkoan. Gaztelania hutsean grabatu zuten dokumentala, baina epe laburrean euskaratzea aurreikusten dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide