Euskal Herriko Mugimendu Feministak urtarrilean aurkeztu zuen martxoaren 8ko greba feministaren aurtengo planteamendua, Gasteizko Udaltzaingoak desalojatu berri duen Talka espazio okupatuan. Bertan, greba feminista nola ulertzen duten, aurtengo aldarrikapenak zeintzuk izango diren, grebaren subjektua zein izango den, greba nola egingo duten eta "planto" zerri egingo dioten azaldu zuten, besteak beste.
Heteropatriarkatu kapitalistari planto! lelopean, greba "bizitzako esparru guztietan" kokatzea da asmoa, bost ardatzen baitan: ikasketak, enplegua, kontsumoa, zaintza eta pentsioak, aurrenekoz. "Greba feminista bizitzako esparru guztietan kokatzen da; soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean", azaldu dute.
Greba feministaren bidez, "bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa" aldarrikatuko dute. "2019ko greban, zaintzen gatazka azaleratu nahi dugu, bereziki, gure diskurtso eta ekintzetan". Beraz, "zaintzaren gatazkak" berebiziko garrantzia izango du aurtengoan.
"Feminismoa ez da erosoa, praktika politiko erradikala da. Ondorioz, gatazka beharrezkoa da, bereziki, gatazka politikotik kanpo kokatu diren eremuetan", gehitu dute. Beraz, martxoaren 8an "lan guztiak uzteko" eta "kaleak hartzeko" dei egin du Mugimendu Feministak: "Hetero-patriarkatu-kolonial-kapitalistak alboratzen gaituenok erdigunea hartuko dugu, transon, bolleron eta emakumeon bizitzak erdigunean jarri nahi ditugulako".
Hona hemen Euskal Herriko Mugimendu Feministak kaleratutako Greba feministaren hausnarketa, antolakuntza eta komunikaziorako dossierra osorik, martxoaren 8ra begirako azalpenekin eta argibideekin.
Urola Kostako egitaraua prest
Urola Kostako Koordinadora Feministak dagoeneko argitaratu du greba egunerako antolatutako ekitaldi sorta. Dena den, zenbait herritan aste honetan emango diote hasiera egitarauari. Zumaian bihar, larunbata, asanblada informatiboa egingo dute 12:00etan, M8 plazan. Igandean, aldiz, Zaintza erdigunera! eguna izango da Zumaiako Beheko plazan, eta besteak beste, Malen-Comio abestiak, jatekoa, mural margoketa eta irratsaioa antolatu dituzte.
Zarautzen, otsailaren 26an izango da asanblada informatiboa, 18:00etan, Gaztelekuan. Martxoaren 1ean arratsalde osoan izango dira egitasmoak, Kalea hartzera goaz! lelo hartuta. 17:30ean asanblada irekia egingo dute Lege Zaharren enparantzan; 18:00etan, grebaren antolaketari helduko diote; eta 19:15ean, greba egunerako prestatu duten dantzaren entsegu orokorra izango da. Zestoari dagokionez, Bargazak talde feminista aurkeztuko dute martxoaren 1ean, eta pote-jolasa egingo dute.
Martxoaren 8an, berriz, egun osoko egitaraua izango da eskualdean. Hona hemen greba egunaren harira prestatutako ekintza guztiak, herriz herri:
Azkoitia
- 10:00. Emakumeok* plaza!, Azkoitiko plazan
- 11:00. Kafe tertulia, Azkoitiko plazan
- 13:00. Kazerolada, Azkoitiko plazan
- 14:00. Bazkari autogestionatua (bakoitzak berea eraman beharko du), Azkoitiko plazan
- 16:00. Kontzertua, Amaia eta Andrearen eskutik, Azkoitiko plazan
- 18:00. Gorputzak mugitzera, Azkoitiko plazan
- 19:30. Mosaikoa, Azkoitiko plazan
Getaria
- 19:00. Manifestazioa, frontoitik hasita
Azpeitia
- 10:30. Kalejira, XJko Baigerako plazatik hasita, Azpeitiako plazara
- 12:00. Txupinazoa eta mosaikoa, Azpeitiko plazan
- 14:00. Bazkari feminista, Azpeitiko plazan
- Jarraian, mahai ingurua: Borroka feministaren bilakaera Azpeitian
- Arratsaldean, tailerrak, Azpeitiako plazan
- 18:30. Mikro irekia, Azpeitiko plazan
- 20:00. Manifestazioa, Azpeitiako plazatik hasita
- 21:30. Afari autogestionatua
- 22:30-00:00. Musika, arkupeetan
Zarautz
- 10:00. Gurpil martxa, Lege Zaharren enparantzatik abiatuta
- 12:00. Ekimena eta topagunea, Lege Zaharren enparantzan
- 14:00. Bazkari autogestionatua eta jolasak, Lege Zaharren enparantzan
- Arratsaldean, tailerrak Lege Zaharren enparantzan: hezkuntza, indarkeria sexista eta legeak, transexualitatea eta LGTBI kolektiboak, etxeko eta zaintza lanak, prekarietatea. Haurrentzako txokoa egongo da.
- 16:00. Eztabaida eta informazio txokoa, Lege Zaharren enparantzan
- 18:00. Mikro irekia: gitarra, dantza, kantua, Lege Zaharren enparantzan
- 19:00. Manifestazioa, Lege Zaharren enparantzatik hasita
Zestoa
- 11:00. Mural margoketa, Alondegiko aldapan
- 12:00. Elkarretaratzea, Zestoako enparantzan
- 14:00. Bazkari autogestionatua, Zubimuzu inguruan, futbol zelai zaharreko mahaietan
- 16:00. Bideo-solasaldia, Kultur Etxean: La fuente de las mujeres
- 19:00. Elkarretaratzea, Zestoako enparantzan
- 19:30. Manifestazioa eta batukada
- 21:00. Afari komunala
Orio
- 09:00. Diana zaratatsua, Bikamiotatik
- 19:00. Manifestazio zaratatsua, Orioko plazatik hasita
- 21:00. Emakumeen* afaria, Balea elkartean
Zumaia
- 10:30. Mahai ingurua, Alondegian
- 12:00-13:00. Elkarretaratzea, Zubi Txikian
- 14:00. Bazkaria
- 16:00. Mugimendu tailerra
- Jarraian, kartel, batukada eta txalaparta tailerrak
- 19:00. Manifestazioa, Zumaiako plazatik hasita
- Amaieran, ekitaldia
- Ondoren, jatekoa eta gaualdia DJarekin, Torreberri gaztetxean