Jone Zabaleta eta Jon Perez atleta azkoitiarrak, Gipuzkoako pista estaliko txapeldun

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 14a

1.500 metroko lasterketa irabazi zuen Zabaletak eta 3.000 metroko titulua lortu zuen Perezek, proban bosgarren sailkatuta. Aitor Zubillaga azpeitiarrak eta Libe Agirre zarauztarraj, berriz, zilarrezko domina bana irabazi zuten, 60 metroetan eta pisu jaurtiketan, hurrenez hurren.

Gipuzkoako pista estaliko atletismo txapelketa oparoa izan da eskualdeko atletentzat: urrezko bi domina joan dira Azkoitira, zilarrezko bat Azpeitira eta brontzezko bat Zarautzera. Joan den zapatuan jokatu zen txapelketa, baita Bizkaikoa ere, Donostiako Anoetan.

Jone Zabaleta azkoitiarrak 1.500 metroko lasterketa 04:37:90ko denborarekin irabazita lortu zuen txapela bereganatzea. 3.000 metroetan, berriz, beste azkoitiar batek jantzi zuen txapela, Jon Perezek. Finalean bosgarren tokian sailkatu zen Perez (8:44:05), baina aurreneko gipuzkoarra izan zenez, berarentzat izan zen urrezko domina.

Aitor Zubillagak eta Libe Agirrek osatu zuen eskualdeko atleten domina uzta Donostian. 60 metroko lasterketan bigarren sailkatu zen Zubillaga azpeitiarra (7:06), zilarrezko domina bereganatuz. Pisu jaurtiketan, berriz, Agirre zarauztarrak ere zilarrezko domina eskuratu zuen, 4 kiloko modalitatean, 10,32 metroko marka eginda. Txapelketa absolutuan parte hartu zuen arren, juniorra da Agirre. Sailkapen orokorrean hirugarren postua eskuratu zuen, baina bigarren gipuzkoarra izan zen.

Zabaleta eta Zubillaga Atletico San Sebastian taldea ordezkatuz aritu ziren Gipuzkoako pista estaliko txapelketan, Azkoiti-Azpeitiko Xeye ordezkatu zuen Perezek, eta Zarauzko Antoniano kirol elkartea Agirrek

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide