Arnas bakoitza trikitiari emana

Ihintza Elustondo 2019ko urtarrilaren 14a

Larunbatean hil zen Iñaki Garmendia 'Laja' trikitilari azkoitiarra. Haren heriotzaren harira, hainbat trikitilariren erreakzioak jaso ditu UROLA KOSTAKO HITZAk. Nabarmendu dute Lajak dena eman ziola trikitiari, azken egunera arte. Erreferente izan da denentzat.

Poza. Horixe sentiarazten omen zion trikitiak Iñaki Garmendia Lajari (Azkoitia, 1944), behin baino gehiagotan nabarmendu zuenez. “Ez zuen ulertzen bere bizitza trikitirik gabe. Oraindik ere egunero jotzen zuen soinua; nik ez dut horrelako beste kasurik ezagutzen. 60 urte trikitia jotzen pasatu eta gero, egunero etxean soinua jotzeko gogoa izatea ikaragarria da. Niri askotan sinestea kosta egiten zitzaidan”. Horrela azaldu du Andoni Larrañagak, azken urteetan Lajaren ondoan aritu zen pandero jotzaileak, trikitilariaren pasioa. Larunbatean hil zen askorentzat mito bilakatu den trikitilaria, eta gaur emango diote azken agurra, 19:00etan hasita Azkoitiko parrokian egingo duten hileta elizkizunean. Ez da trikiti doinurik faltako gaurko ekitaldietan: beilatokitik elizara hainbat trikitilari eta pandero-jotzailek lagunduta eramango dute gorpua; ondoren, eliza barruan, fandangoa joko dute, eta irteeran, kalejira batekin agurtuko dute Laja.

Haren heriotzaren harira, hainbat trikitilariren erreakzioak jaso ditu UROLA KOSTAKO HITZAk.

Iosu Arrizabalaga ‘Izer’:

“Naizen dena berarengatik naiz. Nire maisu bakarra izan da Laja. 14 urterekin hasi nintzen trikitia jotzen, eta 17 urtera artera arte aritu nintzen berarekin; lau urte horiek  nire garai garrantzitsuena izan dira. Txikitatik oso garbi nuen soinua zenbat gustatzen zitzaidan, etxetik jaso bainuen afizioa; nire aitonak eta aitak jotzen zuten. Gure etxean oso mirestua izan da Laja, eta nik ere miresmen hori banuen; gainera, denborarekin, aita bat bihurtu zen niretzat. Eta maisua ere bai. Edozer gauzatarako beti hor egon da; nire bizitzan oso inportantea izan da. Trikiti munduari dena eman dio: bere bizitzako arnas denak eman ditu trikitiarentzako eta trikiti zaleentzako. Altxor bat izan da, ondare bat. Ezin da kalkulatu trikiti munduan zenbat pieza dagoen, baina horien artean berak irakatsitakoak ugari izan dira. Gaur egun, oraindik ere inoiz entzun gabeko doinuak jotzen zituen, eta nik esaten nuen: ‘Nola da posible?’. Berak barruan zer ondare edukiko duen ez dago kalkulatzerik. Trikitiari bere bizitzako dena eman dio azken egunera arte, eta hobekuntza asko ere izan ditu trikiti munduak berari esker. Garai bateko trikiti zahar irregular hartatik perfekziora eraman zuen Lajak instrumentua. Berak eskola hori Elgetarengandik jaso zuen, eta biek pauso handi bat eman zuten trikitiaren perfekzioan”.

Imanol Arregi ‘Iturbide’:

“Soinu txikia jotzen marka guztiak hautsi zituen Lajak. Jakinekoa da trikitilari ona zela, baina oso gutxik ezagutzen dute benetan zuen maila. Maisu handia izan da. Ezagutu nuenean, hark derrigortu ninduen berarekin diskoa ateratzera. Esaten nion nik ez nuela horretarako balio, baina… Lehen aldiz trikitia jotzen ikusi nuenean, ezin sinetsita geratu nintzen. Hasieratik pentsatu nuen figura handi bat izango zela. Izugarrizko talentua zuen musika jotzeko orduan, eta segituan hartzen zuen doinua. Gainera, piezak bere erara moldatzeko gaitasuna zuen. Behin esan nion hil aurretik bera baino hobea zen norbait ikusi nahi nuela. Gogoratzen naiz ez zuela ondo hartu. Asko dira trikitilari onak, baina bera bezalakorik oraindik ez da inor jaio. Ez du parekorik izan trikitian”.

Saioa Lizarralde:

“Bera izango da umea nintzela ezagutu nuen lehen soinu jotzaile profesionala. Pentsatu nuen: ‘Hau da benetako soinu jotzailea izatea’. Erreferente bat izan da niretzat; txiki-txikitatik iruditu izan zait benetako soinu jotzailea. Denekin konektatu duen gizon bat izan da; gazteekin ere ondo moldatzen zen, haiengana egokitzen zen. Gainera, oso errepertorio berezia izan du. Nire irakaslea izan zen, eta asko ikasi nuen berarengandik; hiru bat urte edo egin nituen berarekin, eta bere estiloko pieza batzuk irakatsi zizkidan. Nire ustez, pertsona bezala zuen aberastasunik handiena: gizon oso irekia zen, eta umore ona izaten zuen beti. Gainera, interes handia zuen gazteek egiten genuen horretan”.

Xabier Albedi ‘Zabale’:

“Erreferente handi bat izan da Laja, bai soinujole bezala, bai errepertorio aldetik. Niretzako eta gure garaian ikasten ari ginen gazte askorentzako hala izan zen, nahiz eta bera nire maisua ez zen izan. Gainera, trikiti munduari bultzada handia eman zion. Laja Elgetarekin ikasten hasi zen garaian, baserri giroko instrumentua zen trikitia, eta Lajak lan handia egin zuen instrumentua ezagutzera emateko”.

Andoni Larrañaga:

“Niretzako Laja umetako ikono bat izan da, izen handi bat, mito bat. Bizitza eta afizioa berarekin partekatzeko aukera izan dut azken urteotan; berarekin jotzeko zortea izan dut. Den-dena ez du nirekin egin, baina azken hiruzpalau urteotan dezenteko harremana izan dugu, eta erromeri batzuk egin ditugu elkarrekin. Adin diferentzia dezentea geneukan, baina nire adineko bat bezala tratatzen nuen bera, eta oso eroso sentitzen ginen bata bestearekin. Oso harreman polita izan dugu, konfiantzazkoa; broma asko egiten genuen, eta hitz aspertu luzeak izan genituen biok. Alde horretatik, oso konfiantza giroan ibili gara beti. Horrez gain, nik esango nuke trikiti munduari dena eman diola, eta batez ere, erreferentzia eman diola; uste dut hori izango dela eman duen handiena. Batetik, dena, bizitza, eskaini dio trikitiari. Batzuetan oso-oso goian egon da, eta beste batzuek ordezkatu dutenean ere, hor egon da. Batzuetan gorago egon da sozialki, eta beste batzuetan pixka bat itzalean –prentsa aldetik eta–, baina berak beti bere lana egiten segitu du. 60 urte eskaini dizkio plazari, ez du behin ere utzi hori, eta plaza asko eta asko egin du. Erreferente bat da belaunaldi  askorentzat, eta gainera, berak jaso zuen trikitia pixka bat modernotu zuen”.

Lajak 40 urte baino gehiago eman zituen Zarauzko Santa Marinan trikitia jotzen; horren inguruko erreportajea osatu du UROLA KOSTAKO HITZAk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide