Karstetan, geologiari so

Gipuzkoako HItza 2018ko maiatzaren 11

Aurten Geoparkearen barnealdean egingo dute Geolodia egitasmoaren Gipuzkoako irtenaldia. "Betaurreko geologikoak" jantzi, eta "karsten munduan" murgilduko dira. Gipuzkoako Hitzak Geolodiaren inguruko erreportajea egin du.

Geoparkeak joan den abenduan egindako irtenalditako bat. (Geoparkea) Sona handia dute Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalerriek osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyschek, fosilek eta itsaslabarrek, baina Geoparkearen barnealdearen historia eta geologia ez dira hain ezagunak; bai, ordea, kostaldea bezain garrantzitsuak eta interesgarriak. "Geologian gehiago jakin ohi dugu duela ehun milioi urte gertatu zenaz, azken milioi bat urtekoaz baino", azaldu du Asier Hilario geologoak eta Geoparkeko zuzendari zientifikoak. "Hain zuzen, azken milioi urtean sortu da egun daukagun paisaia, eta horren zantzu argiak daude Geoparkearen barnealdean". Hilarioren hitzetan, zantzu horiek azaleratzeko tartea izango dute bihar, "azalpen ulergarri eta sinpleekin". Izan ere, Geolodia egitasmoaren barruan, Gipuzkoako aurtengo ekintzak Geoparkearen barnealdeari jarriko dio arreta, eta karsten munduan murgilduko dira ibiltariak. 2005ean Teruelen (Espainia) hasitako egitasmoa da Geolodia, eta, ordutik, maiatza iristearekin batera hitzordu berezia izaten dute geologoek zein geologia zaleek. Gipuzkoan, 2011tik ari dira egiten ekimena, eta, bihar irtenaldi gidatuak egingo dituzte han-hemenka, Begiratu zer zapaltzen duzun lelopean. Aurten Euskal Kostaldeko Geoparkeak hartu du Gipuzkoako irtenaldi gidatua antolatzeko ardura, eta, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, Karst. Koralezko mendiak eta bailara ezkutuak lau ordu iraungo duen ibilaldi gidatua egingo dute Geoparkean barrena, Hilarioren eta Arantza Aranburu EHUko irakaslearen azalpenek lagunduta. Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide