Herriartekoaren aurkezpena egin zuten atzo. (Gipuzkoako Pilota Federazioa)
Maiatzaren 6an hasiko da 51. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta eskualdeko lau herritako taldeak arituko dira lehian. Eskuzko pilota txapelketan, Aiak, Azkoitiak, Azpeitiak eta Zumaiak parte hartuko dute parte. Aurreko urteko txapelketarekin alderatuz gero, eskualdeko ordezkari gutxiago izango du Herriartekoak; izan ere, Orio eta Zestoa ez dira lehiatuko aurtengo edizioan. Aia, berriz, 2016tik parte hartu gabe zegoen txapelketan, eta aurtengorako taldea osatu du. Horrez gain, lehenengo aldiz gomazko pala txapelketa jokatuko dute, eta eskualdeko herrien artean, Azkoitiak, Azpeitiak, Zestoak eta Zumaiak neurtuko dituzte indarrak. Zumaiak, beste urte batez, zesta-puntako txapelketan ere izango du taldea.
Guztira, 18 herrik eman dute izena eskuzko txapelketan, 16 gomazko paletan, zortzi palakoan eta lau zesta-puntan. Hurrengo asteburuan hasiko dira eskuzko txapelketako norgehiagokak, eta Aiak eta Zumaiak jokatuko dituzte partidak orduan. Aiak Asteasuren aurka jokatuko du, eta Zumaiak Donostia izango du arerio. Azpeitia eta Azkoitia, berriz, final zortzirenetako kanporaketetan hasiko dira lehiatzen, maiatzaren 20ko asteburuan. Azpeitiak Tolosaren aurka neurtuko ditu indarrak, baina Azkoitikoarena ez dago oraindik zehaztuta. Izan ere, Zumaiaren Donostiaren arteko kanporaketan aurrera egiten duena izango da haren arerioa. Ekainaren 30ean jokatuko dute finala, Donostiako Atano pilotalekuan.
Gomazko paletako eta zesta-puntako txapelketak, berriz, maiatzaren 13an hasiko dira. Gomazko paletan, hiru kanporaketa jokatuko dituzte, eta eskualdeko taldeei dagokien partidak honakoak izango dira: Zumaia-Andoain, Azpeitia-Elgoibar, Zestoa-Donostia, Azkoitia-Villabona. Zesta-puntari dagokionez, Zumaiak Mutrikuren aurka jokatuko du lehenengo saioan. Guztira, zesta-puntako sei jardunaldi egingo dituzte, eta bi txapelketetako finalak ekainaren 24an izango dira.
Iazko Herriartekoetan, Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelak jantzi zituzten Azpeitiko Ilunpeko pilotariek. Ordea, Azkoitiak ditu Gipuzkoako txapel gehien lortuta palmaresean. Izan ere, azkoitiarrak 16 aldiz izan dira Gipuzkoako txapeldunak. Azpeitiko taldeak, berriz, sei txapel jantzi dituzte guztira.