Bideogintza ikastaroa antolatu du Azpeitiko Gaztetxeak, herritarrak "sortzera animatzeko"

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 11

Oraingoz, saio bakarra prestatu dute Gaztetxeko kideek. Parte-hartzaileek beren ordenagailua eta "sortzeko zein ikasteko gogoa" eraman beharko dituzte saiora. Besteak beste, herritarrak film laburrak egitera eta beraien edukiak sortzera animatzea da Gaztetxeko kideen asmoa.

Bideoak egiten ikasi nahi duen orori zuzenduta, bideogintza ikastaroa antolatu du Azpeitiko Gaztetxeak datorren astelehenerako, apirilaren 16rako. Ikastaroa 18:00etan hasiko da, eta bi ordu inguruko saioa izango dela aurreikusten badute ere, "parte-hartzaileek hala nahiko balute" luzatzeko aukera egongo dela esan dute. Bertara animatzen direnek bideoak editatzeko programen tresnak erabiltzen ikasiko dute, Azpeitiko Gaztetxeko kideen laguntzaz. Bideogintza tailerrera animatzen diren lagunek beren ordenagailua eraman beharko dute, tresnak instalatzeko eta horiek nola erabili jakiteko. "Interesa duen norbaitek ordenagailurik ez balu, berdin-berdin ager daiteke Gaztetxera, bertan azaldutakoak eta ikasitakoak etorkizunerako baliagarri izango zaizkiolako", azaldu dute Gaztetxeko kideek. Sortzera animatzeko bultzada Herritarrek ezkutuan duten sortzaile sena "piztu" nahi du Gaztetxeak, eta film laburren txapelketa bezala, bideogintza tailerra ere horretara datorrela diote. Izan ere, apirilaren 26ko Film laburren txapelketan parte hartu nahi duten pertsonei laguntzea ez ezik, "herritarrak herritarrak beraien edukiak sortzera animatzea" da Gaztetxeko kideen asmoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide