aurrak kaskoarekin, Txirrindulari Txiki Egunean. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)
Iaz jarri zuen Mugikortasun sailak martxan bizikletan kaskoaren erabilera sustatzeko kanpaina, horrek duen garrantziaz kontzientziatu eta, bereziki, haurrek modu egokian erabil dezaten. Izan ere, legearen arabera, 16 urtetik beherakoek derrigor erabili behar dute kaskoa herrigunean nahiz herri bideetan bizikletan doazenean, izan gidari gisa, izan bidaiari bezala, eta helduek baita ere, herri arteko errepideetan doazenean.
Mugikortasun sailetik gogoratu dute apiriletik aurrera isunak jartzen hasiko direla bizikletan kaskoa ez daramaten 16 urtez azpikoei. "16 urtez azpiko erabiltzaileetan jarri du Mugikortasun sailak bere kanpainaren arreta, trafiko legearen arabera, adin hori baita errepidean babes gutxien duen kolektiboa", nabarmendu du Maite Garrastazu Mugikortasun zinegotziak. "Hauek babesten saiatzea da kanpainaren helburu nagusia eta kaskoaren erabilerak duen garrantziaz sentsibilizatzea".
Udaltzaingoa arduratuko da hori kontrolatzeaz. Trafiko araudiaren arabera, arau-hauste larria da hori, eta 200 euroko isuna ekar dezake.
Horrekin batera, Garrastazuk ohartarazi du bizikletako argia piztea ere "garrantzitsua" dela. "Aurrean argi zuria eraman behar da eta atzean argi gorria. Gurpiletan ere islagailu laranjak edota gorriak eramateak ilunpean txirrindularia ikusten laguntzen du".