Mahai gainean ditugu udal hauteskundeetako emaitzak. Zer balorazio egiten duzue zifrez? Aurrera begira, nola goberna dezakezue zuen herrietan? Irakurketaren bat egin duzue?
Sorpresa handia hartu dugu. Gure helburua ez zen, inondik inora, hauteskundeak irabaztea. Agian, eserleku bat gehiago izatea aurreikusten genuen, baina ez hau. Hala ere, gutxigatik irabazi dugu, eta hori kontuan hartuko dugu gobernatzerakoan. Zestoa bitan dago banatuta, beraz, EH Bildurekin adostu beharko dugu herriaren alde lana nola egin, eta ez elkarren aurka.
Osinbeltzek eta hondakin bilketa sistemaren proposamenak sortu dute egonezina herrian. Giroa sumatu dugu; eta, jakina, horrek eragina izan du bozetan».
Oso gustura nago. Azpeitiarrak ordezkatzea ardura handia eta pribilegioa da. Azpeitiarrak zorrotzak dira, behar den bezala; gure lau urteak baloratu dituzte, eta ontzat eman dute egin dugun esfortzua. Abstentzioak pisua izan du, eta hori ere aztertu egin behar da. Gipuzkoako datuak ez dira onak, eta faktore asko daude, ez du balio irakurketa sinplista bat egiteak.
Aurrera begira, gobernu irekiaren alde egiten dugu guk, hori da gure apustua, azpeitiarrekin elkarlanean eta epe luzerako ikuspegiarekin aritzea».
Animatuta geunden, baina ez genuen espero halako zaparrada. Sumatu dugu herrian aldaketa eskaera, baita babesa ere, baina emaitzak oso onak izan dira, eta oraindik gertatutakoa barneratzen ari gara.
Gustura eta lanean hasteko irrikaz nago. Behin udalean sartuta ikusiko dugu, ordea, zein den egoera. Eseri egingo gara EH Bildurekin eta PSE-EErekin, eta ikusiko dugu zer egin daitekeen. Garbi dago ezker abertzaleak ere boto asko lortu dituela; guk nahiko genuke elkarlanerako beraiekin kontatzea».
Oso gustura gaude lau urteren ostean ordezkaritza lortu dugulako Orioko Udalean. Egia esan, zaila izaten da lau urtean erakundean lanean egon gabe berriro hor sartzea, eta emaitza ona da gurea.
EAJk irabazi du, baina beste hiru taldeak ere hortxe ditu. Horrek esan nahi du akordioak lortzeko ahaleginak egin beharko ditugula guztiok. Nik oso argi daukat postura, siglez gaindi, Oriorengatik egin behar dugu lana, eta proiektuei begiratu behar diegu, orain arte egin dugun bezala, eta ez koloreei».
Hasieratik alkatetza lortzeko egin dugu lana, eta emaitza onak izan ditugu. Balorazio onena herriak egin duena izan da, guri botoa emanda.
Itxaropena genuen gure artean emaitza horiek lortzeko, baina apaltasunez jokatu dugu. Hemendik aurrera, gure proiektua beteko dugu. Proiektu hori herritar guztiekin osatu dugu, herrigintza ahalik eta ondoen egin dezagun, denon artean. Parte-hartzea, elkarrizketa eta akordioak dira gure oinarriak, eta bide horri jarraituko diogu. Lan asko dugu egiteko».
Guretzat emaitza ona da bi zinegotzi eskuratzea Zarauzko Udalean, beraz, pozik nago igandeko emaitzekin. Ez dugu aukera eta baliabide gehiegi izan kanpaina egiteko, eta ezerezetik bi eserleku lortu ditugu. Hala ere, pena ematen didana zera da: herriak galdu egin duela aukera ezkerreko politika egiteko agintaldia izateko.
Eskerrak eman nahi dizkiegu ondoan izan ditugun zarauztarrei. Baina, EAJk irabazi ditu bozak, eta guk hori errespetatuko dugu. Beraz, ez dugu itunik egingo garailearen kontra».
Oso gustura gaude Getarian lortutako emaitzekin; izan ere, azken lau urteetan eginiko lanaren ondorioa dira. Gipuzkoan gertatu denarekin, berriz, pena handia daukagu, baina aurrera egin behar dugu, eta elkarri lagundu. Ez diogu beldurrik lana egiteari, eta oso argi erakutsi dugu hori. Ilusioarekin helduko diogu erronka honi ere.
Herritarrentzat egin behar dugu lana, haiengatik eta haientzat gaudelako hemen. Horixe da guztiaren oinarria. Eta, jakina, pertsonek gugandik hurbil sentitu behar dute».
Sorpresa handia izan da horrenbeste boto lortzea. Uste genuen alkatetza lortzeko lehia estua izango genuela; hau ez, behintzat. Baina jende askok egin du lana hau egia izan dadin.
Herritar asko etorri zaizkigu esanez beste era batera egin behar dela lana udalean: inprobisatu gabe. Gu horretara goaz, eta ahalik eta azkarren hasiko garaplangintzarekin. Kontu-ikuskaritza ere egin nahi dugu erakundean, herritarrek ikus dezaten zein den udalaren egoera. Inor baztertu gabe aginduko dugu, gertuko alkatea izan nahi dut.
Ez gaude gustura emaitzekin. Izan ere, guk aurreikusten genuen izango genuela ordezkaritza Zarauzko Udalean, eta kanpoan gelditu gara oraingo honetan.
Irakurketa bat egitekotan, uste dut gure boto-emaileek nahiago izan dutela boz baliagarria ematea. Hau da, nola edo hala EH Bildu gobernutik kentzeko, zarauztar askok erabaki du EAJri botoa ematea, eta bere boza erabakiorra izatea. Emaitzak ez dira onak, eta Espainian ere izan du horrek isla. Ustelkeria arazoa izan da denentzat».