Kiroldegitik Alde Zaharrera falta den bidegorri zatia egingo dute

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 18a

Aste honetan hasiko dituzte zezen-plaza eta Zelai Luze arteko bidegorriaren lanak. Lehenik, San Martin estrata egokituko dute; eta, ondoren, Artzubia etorbidea.

Bilerako unea. (Azpeitiko Udala) Aste honetan hasiko dituzte kiroldegia eta Alde Zaharra lotzeko falta den bidegorri zatia egiteko lanak. Izan ere, kiroldegiaren aurretik zezen-plazara arteko zatia eginda dago, eta baita Zelai Luzetik Lasaora artekoa ere. Orain egingo dituzten obrekin, bi zati horiek elkartuko dituzte. Lanak lau hilabeteren bueltan bukatzea aurreikusten du udalak, eta bi fasetan egingo dituzte. Lehenik, hilabete eta erdi inguruan, San Martin estrata egokituko dute. Han espaloia kendu, galtzada-harria jarri eta bidea berdinduko dute. Gainera, aparkalekuen gunea ere berritu egingo dute. Lanek irauten duten bitartean, Foru Ibilbidetik, Berdura plazaren atzeko aldetik, sartu beharko dute ibilgailuek estratara. Ondoren hasiko dituzte Artzubia etorbidea egokitzeko lanak. San Martin egoitzaren parean, errepidearen eta espaloiko zuhaitzen arteko gunea margotuko dute bidegorria egokitzeko. Aldiz, zuhaitzetatik eraikinera arteko zatiak bere horretan oinezkoentzat izaten jarraituko du. Artzubiko 11 eta 13 zenbakien arteko espaloia estua denez eta errepideak ez duenez espaloia zabaltzeko aukerarik ematen, oinezkoek izango dute lehentasuna aurrerantzean ere. Aldiz, Artzubiko 13. zenbakiaren eta zezen-plazaren arteko gunean bi metro zabaleko bidegorria egingo dute, eta beste bi metro baino gehiago izango dituzte oinezkoek espaloi zati horretan. Bidegorria egokitzeaz gain, lanak egingo dituzten guneetako argiteria, saneamendua, telekomunikazioak eta ur eta elektrizitate azpiegiturak berrituko dituzte. Lanek 176.418 euroko aurrekontua dute. Atzo egin zuen Azpeitiko Udalak lanen berri emateko bilera San Martin estrataren inguruko eta Artzubia etorbideko bizilagunekin. Aitor Bereziartua zinegotziak esan duenez, herriko hainbat gune Gipuzkoako Foru Aldundiaren herriarteko bidegorri sarearekin lotzeko beste pauso bat emango du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide