Narrondo ibaia zuri koloreko geruza batekin estalita egon zen atzo eguerdi parean. "Esnea dirudi" zioen herritar batek.
Ibaiertzean kokatzen diren enpresak izan al dira kutsaduraren eragileak? Udala ezezkoan da. "Ibaiaren egoera ikusi eta berehala erriora eramaten duten hodi guztiak aztertzen hasi ginen. Gure ustea da bizilagun batek zuri koloreko pintura bota zuela isurbide batetik eta horregatik agertu zela ibaia egoera horretan", azaldu du Udal gobernuko kide batek. Tamalez, ustez pintura erriora bota duen pertsona hori ez dute harrapatu.
Udalak gogoratu du Beheko Plazako etxolan, zaborraz gain, pinturak botatzeko edukiontzi bat dagoela (aerosolak,pinturak, ibilgailuen iragazkiak, fluoreszenteak...).