Getariako Txakolina jatorrizko izendapena duten hamalau upategitako edaria egongo da. Egun osoko egitaraua prestatu dute: dastaketa, bazkari eta kontzertuekin.
I. Txakolin dastaketa eguna ospatuko dute larunbatean Azpeitian, aurrenekoz. Bertan, Getariako Txakolina jatorrizko izendapena duten hamalau upategi- tako edaria egongo da. Honakoak dira hornitzaileak: Agerre, Hiruzta, Akarregi Txiki, Mokoroa, Ameztoi, Roke Eizagirre, Basalore, Sagarmamiña, Elkano, Flysch, Txomin Etxaniz, Etxetxo, Ulacia eta Urki. Perez Arregi plazan da dastaketa 11:00etatik 15:00etara, jaki eta trikitilariekin. Horrez gain, artisauek eta baserritarrek postuak jarriko dituzte. Ondoren, bazkaria egingo dute, 15:00etatik aurrera. Festarekin segitzeko, bi kontzertu egongo dira herriko plazan gauean, 23:00etatik aurrera, Zarauzko Skastik eta Nafarroa eta Azpeitiko Kometak joko dute.Etxe-Zuri tabernako Iñaki Areizaga jardun da antolaketa lanetan, AZTE tabernari elkartearen babesarekin. Bera «oso txakolin zalea» izanik, herrian dastaketa antolatzea bururatu zitzaion: «Lotura estua dut Getariarekin, hangoa baita gure aita. Hango baserrian mahastiak ditugu, eta edari berezia da txakolina guretzat. Gainera, dozena bat urte daramazkit hango probaketara joaten, eta beti izan dut hemen zerbait egiteko gogoa».
Areizagaren arabera, Azpeitian ez dago Getarian bezainbeste zaletasun txakolinarekiko, baina jendeari gustatzen zaio. «Halako ekitaldiak izan daitezke txakolina Azpeitira sartzeko bidea ere. Ondo irtenez gero, jarraitu dezakegu datozen urteetan ere dastaketarekin», azaldu du Areizagak. Nabarmendu du upategietako jabeek ere Azpeitira etortzeko «interesa» agertu dutela. Sardinak eta beste pintxo batzuk jarriko dituzte edanari laguntzeko, eta momentuan egingo ditu Fernando Alberdik, plazatxoan jarriko duten parrilan.
Jaiari jarraipena emateko bazkaria antolatu dute, eta Perez Arregi plazan da. Bihar da izena emateko azken eguna, Etxe-Zurin edo 943-02 68 56 telefonora deituta. 18 euro balio du bazkariak, eta sagardotegiko menua emango dute, saiheskiarekin; edateko, ardoa, txakolina eta sagardoa jarriko dituzte aukeran.