Historiaurrera itzuliko dira Zestoan igandean, Ekainfestekin

Ana Abarisketa 2016ko ekainaren 8a

'Bizi prehistoriaren xarma' lelopean egitarau zabaleko Ekainfest jaia osatu dute iganderako. Biharko eta etzirako hitzaldi bana antolatu dituzte. Zazpigarren edizioa da aurtengoa.Zestoarrek historiaurrera egingo dute salto igandean, eta, Ekaingo kobeta...

'Bizi prehistoriaren xarma' lelopean egitarau zabaleko Ekainfest jaia osatu dute iganderako. Biharko eta etzirako hitzaldi bana antolatu dituzte. Zazpigarren edizioa da aurtengoa.

Zestoarrek historiaurrera egingo dute salto igandean, eta, Ekaingo kobetan duela 14.000 urte bizi ziren errealitatea gertuagotik ezagutzeko asmoz, VII. Ekainfest eguna ospatuko dute. Egun osoko egitaraua izango dute horretarako, eta goizetik historiaurreko lehiaketa, pottokekin ibilaldiak edo Irrien Lagunaken ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Sua nola egiten zuten, ehiza egiteko teknikak, orduko janzkera eta artea bertatik bertara ikusteko parada eskainiko du jaiak.

2008. urtean Unesco Etxeak Gizateriaren Ondare izendatu zuen Ekaingo koba, eta handik bi urtera jarri zen martxan, lehen aldiz, Ekainfest egitasmoa; hasieran Ekaindarren eguna bezala ezagutzen zena. Ordutik, bi helburu nagusi ditu egitasmoak: alde batetik, Zestoako ondare historiko eta kulturala —batez ere historiaurrea eta Ekain— ezagutzera ematea eta herri gunera erakartzea ondare hori. Bestetik, herriko elkarte eta herritarren parte-hartzea sustatzea egun horretarako antolatzen diren kultur eta herri ekintzetan.

Urtetik urtera indarra hartzen joan da Ekainfest, eta sustatzaileak ere ugalduz joan dira, pixkanaka: Ekainberri, Sastarrain Baserri Eskola, Zestoako Udala, Zestoako merkatari elkartea, tabernariak, bainuetxea, Zestoako interpretazio eskola...

Bi berrikuntza

Atzo bertan aurkeztu zuten Ekainfesteko egitaraua Donostian eta joan den astean, berriz, Zestoan bertan. Agerraldian parte hartu zuten Josetxo Mendizabal alkateak eta Juanjo Aranburu Ekainberriko kudeatzaileak. Haiek aipatu zituzten aurtengo berrikuntzak: bi denera.

Batetik, bi hitzaldi gehitu dituzte egitarau orokorrera, Historiaurreko Hitzaldiak du izena programa horrek. Bi saio horiek bihar eta etzi izango dira, Ekainfest egunaren aurretik. Hitzaldi horien helburua da orain dela 14.000 urteko bizitza herritarrei hurbiltzea, eta horretarako gonbidatu dituzte punta-puntako historialari eta arkeologoak.

Bestetik, igandean, Ekainfest jaiaren egunean, egingo diren herri bazkarian eta arratsaldeko meriendan batzen diren diru irabaziak Gipuzkoako Elikagaien Bankura bideratuko dituzte.

Izena ematea ixtear

III. Historiaurreko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko izena emateko epea ixtear da. Antzinako jokoetan inskripzioa egiteko hiru aukera jarri dituzte: Zestoako Ekainberriko informazio bulegora joanda —Portale kalea, 1—, 943-86 88 11 telefono zenbakira deituta edo info@ ekainberri.com helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide