«Oso balorazio ona» egin dute jaiez XJ auzolanean taldeko kideek

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko ekainaren 8a

Jende ugari ibili da auzoan, asteburuan ez ezik astegunez ere. Lanean jarraituko dute aurrerantzean XJ auzolanean batzordeko kideek «eraldaketa sozialaren alde».Pasatu berri dira Azpeitiko Sanjuandegiko jaiak, eta jende ugari ibili da auzoan. Maialen...

Jende ugari ibili da auzoan, asteburuan ez ezik astegunez ere. Lanean jarraituko dute aurrerantzean XJ auzolanean batzordeko kideek «eraldaketa sozialaren alde».

Pasatu berri dira Azpeitiko Sanjuandegiko jaiak, eta jende ugari ibili da auzoan. Maialen Aldalur XJ Festa Batzordeko kidearen arabera, «oso ondo» joan dira festak, «parte-hartze handiarekin» eta «ezustekorik gabe». Aldalurren hitzetan, asteburuan herritarrez bete da auzoa, baina nabarmentzekoa da astean zehar egindako ekitaldiek ere harrera ona izan dutela. Esaterako, Xanti Agirrezabala azpeitiarrak eta Telmo Irureta zumaiarrak asteartez egin zuten antzerkia, eta «arrakasta» izan zuen; gauza bera gertatu zen astegunez egin zituzten kontzertuekin. Auzoko tabernariak ere gustura daude jaietako giroa eta jende kopuruarekin.

Urtetik urtera egitaraua osatu eta indartzen dute XJ auzolanean taldekoek, eta horren erakusle da auzoan horrenbeste jende ibili izana. «Argi dugu gero eta egitarau sendoagoa nahi dugula egin, eta horri helduko diogu datorren urteetan ere», dio. Bide horretan, «ekarpen garrantzitsua» egin dute batzordean sartu diren kide berriek: «Ekimen handiko gazteak hasi dira, eta asko lagundu dute. Jende berria beti da ona halako taldeetan».

Galdeketaren atarian

Sanjuandegiko jaiek bat egin dute Hitzartu elkarteak antolatutako herri galdeketarekin, eta XJ auzolanean batzordeak hasieratik erabaki zuen jaien aurretik eta ondoren lagundu behar ziola egitasmoari. Hori dela-eta, festen barruan dei egin dute boza ematera eta mosaikoa egin dute auzoan. Taldetxo bat ere sortu zuten Hitzarturen prozesuan zehar laguntzeko.

«Guk sinisten dugu parte-hartzearen ereduan, eta horregatik egiten ditugu auzolanean jaiak. Hori dela-eta, hasieratik argi ikusi genuen bat egiten genuela», esan du Aldalurrek. Horrez gain, «eraldaketa soziala» festen bitartez lantzen jarraituko dutela adierazi du batzordeko kideak. Festetan lortutako dirua erabiliko dute urtean zehar beste ekitaldi batzuk antolatzeko, eta jaietatik kanpo ere batzordearen ereduak lantzeko.

Beste hiru hitzordu

Sanjuandegiko festak bukatu badira ere, jaia ez dute etengo auzoan. Izan ere, asteburu honetarako beste hiru ekitaldi prestatu dituzte. Lehena Paradisu Zinema zineklubarekin elkarlanean prestatu dute. Pipi Lanstrung filma emango dute ostiralean, 22:00etan, Izaroko plazatxoan. Larunbatean, 11:00etan, txirrindularitzako proba jokatuko dute, Lagun Onak Txirrindulari elkarteak antolatuta. Bukatzeko, igandean, Saharako umeen aldeko II. elkartasun krosa jokatuko dute auzoan. 09:30etik aurrera eman daiteke izena Jose Antonio Agirre plazan, eta txiki-txikitatik hasi eta 13 urte bitarteko haurrek izango dute aukera parte hartzeko. Ekitaldi hori, XJ auzolanean taldeak, kooperazio taldeak, Khamar elkarteak eta Xeyek antolatu dute, udalaren laguntzarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide