Gainontzeko herrietan erabakitzeko olatua prestatzen hasi dira

Urola Kostako Hitza 2016ko ekainaren 7a

Zumaian eta Getarian galdeketa datorren udaberrian egingo dute. Azkoitian Gure Esku Dago Eguna dute larunbateanAzpeitiko herri galdeketa jarraitu zuten bertatik bertara Urola Kostako hainbat herritako Gure Esku Dago taldeetako kideek herenegun. Haietan...

Zumaian eta Getarian galdeketa datorren udaberrian egingo dute. Azkoitian Gure Esku Dago Eguna dute larunbatean

Azpeitiko herri galdeketa jarraitu zuten bertatik bertara Urola Kostako hainbat herritako Gure Esku Dago taldeetako kideek herenegun. Haietan erabakitzeko olatura gehitzeko prestatzen hasi dira. Esaterako, herri galdeketa datorren udaberrian egingo dutela iragarri dute Zumaian eta Getarian, larunbatean bi herrietan egindako Adierazpen Egunetan.

Zumaian, Gernika parkean egin zuten ekitaldia larunbat arratsaldean. «Erabaki egin nahi dugu, eta olatu horretara batzen joango gara. Erabakiaren bidea herritarrok egingo dugu. Erabakia gurea da eta olatua gu izango gara. Guk izango dugu hitza. Hemen bizi garen guztiok», azaldu zuten Zumaiako Gure Esku Dagoren ekitaldira bildutakoek. Orain erabakia gauzatzeko adostasunak eraikitzen ari direla adierazi zuten zumaiarrek.

Getarian ere independentziaz herri galdeketa egiteko bidea jorratu nahi dute, eta herriko 34 eragile eta alderdik bat egin dute asmo horrekin; babesa adierazteko argazki erraldoia atera zuten joan den larunbatean Getariako frontoian. Herri galdeketa egin aurreko lanak udazkenean hasiko dituela jakinarazi du Getariako Gure Esku Dagok: «Orduan hasiko gara gogor lanean, baina herritar ororen laguntza ongietorria izango da, eta getariarrak prozesuan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Etorkizunari begira gaude, unean uneko pausoak emanez. Eta orain iritsi da unea».

Azkoitian eta Zestoan

Azkoitiko eta Zestoako Gure Esku Dago taldekoek datorren larunbaterako jarri dituzte hitzorduak.

Azkoitian Gure Esku Dago Eguna antolatu dute, eta goizeko 11:00etatik gauera bitartean hainbat ekitaldi egingo dituzte: umeentzako puzgarriak eta jolasak, txotxa pintxoekin, muxikoak eta Euskal dantzak, 13:20an argazkia, mus txapelketa arratsaldean eta gauean kontzertua.

Zestoan, berriz, larunbatean, 11:00etan, udaletxe azpian bilera zabala eta irekia dute, Zestoan ere erabakitzeko eskubidea gauzatuko al da? gai hartuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide