Itxura

Telmo Irureta 2016ko ekainaren 2a

Push up-a duten bikiniak. Ba omen daude. Ez nekien, ez dut orain arte horri buruzko ezer entzun, ez dut horretan pentsatu. Agian gehiegi interesatzen ez zaidalako. Ez, ez da horregatik izango. Emakumeen barruko arropa ere ez zait interesatzen eta badak...

Push up-a duten bikiniak. Ba omen daude. Ez nekien, ez dut orain arte horri buruzko ezer entzun, ez dut horretan pentsatu. Agian gehiegi interesatzen ez zaidalako. Ez, ez da horregatik izango. Emakumeen barruko arropa ere ez zait interesatzen eta badakit bularretako askok badutela. Berria ote da hondartzan ere titiak pixka bat gorago izateko aukera? Push up-ak flotagailu efektua egingo ote du itsasoan? Hala bada hori, tiro bakar batez bi txori. Agur mangito-rik gabe bainatzeko beldurrari!

Berria ala ez, badu bere logika bikiniarenak. Berria eta ilogikoa dena mutil batzuek (ez gutxik) egiten dutena da: galtzontziloen gainetik jantzi bainujantzia. Zertarako? Agian hondartzan ere azpitik Calvin Klein bat dutela erakusteko. Modan dago. Baina zergatik? Ba al du zentzurik? Aholku bat emango dizut, irakurle maitea: besteek zure galtzontziloen marka irakurtzea nahi baduzu (lerdotuta bazaude eta horrek gusturago sentiarazten bazaitu), esan bainujantzia etxean ahaztu duzula. Aukeratu bata edo bestea, tontokeria baita biak janztea.

Arazoa hain guaya iruditzen zaigun boxer, slip edo dena delakoan ikustea nahi ez dugun marka bat ere badagoenean suertatzen da. Badakizu zertaz ari naizen, ezta? Ainhoak esango lukeen bezala, «del pedito pintor». Bigarren marka hau barrutik eramaten da, baina batzuetan, artelanaren nolakotasunaren arabera, ikus daiteke kanpotik. Kontuz puzkertxoa puzkertxo baino zerbait gehiago izan bada.

Zergatik uste duzu izena duela Calvin Klein eta ez Calvin Clean? Ba ez delako ondo gelditzen kakamarkarekin. Ironikoegia litzateke. Eta galtzontziloekin gertatzen dena gertatzen da beste gauza askorekin. Ez gara konturatzen erakusten duguna guztiz aldatzen zaigula ezkutatu ezin dezakegunarekin.

Adibiderik garbiena: My Fair Lady antzerki musikala. Nori okurritu zitzaion Paloma San Basilio jartzea Eliza Doolittle-en paperean? Nola fusionatzen dira amona-bilobak izan zitezkeen bi emakume gorputz bakar batean? Ezin sinetsi nezakeen eta Youtuben bideo bat ikusi behar izan nuen. Wikipediak emandako informazioa ez da gainera beti oso fidagarria. «Hau idatzi zuna konfunditu ingo zan, Basiliona beste personaje bat izangoa». Ba ez! Zur eta lur geratu nintzen, aho bete hortz (HITZAko artikuluetan erabili behar horrelako esamoldeak, non bestela?).

Protagonista gure Palomita! Ez zait gaizki iruditzen, baina harritu egiten nau. Zenbat urte ditu Elizak? Hemezortzi? Hogei? Hogeita bost? Ehun eta hamasei ez behintzat. Ondo abesten eta antzezten duten neskatxak asko badira ere, aurpegi ezagunek gehiago saltzen dute.

Eliza Doolittle gazte bezain politt bat izan zen Julie Andrews Broadway-en, baina pelikularako nahiago zuten ezagunagoa zen norbait eta pertsonaia kendu zioten Audrey Hepburni emateko. Urte berean grabatu zen beste film batekin lortu zuen Andrewsek Aktore Onenaren Saria. Mary Poppins. Saria jaso zuenean bere speech-ean eskerrak eman zizkion My Fair Lady-ko produktorea zen Jack Warnerri. Eskerrak bera ez aukeratzeagatik. Eskerrak «for making this possible».

Push up-a ote darama Poppinsek hegan hobeto egiteko?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide