Zure etorkizunetik hurbil

Urola Kostako Hitza 2016ko maiatzaren 27a

Zarautzen Oteitza Lizeo Politeknikoak 60 urte daramatza pertsonak formatzen, kalitateko hezkuntza eskainiz. Batxilergoa eta Lanbide Heziketako hainbat espezializazio ditu aukeran.Oteitza Lizeo Politeknikoak esperientzia zabala du irakaskuntzaren esparr...

Zarautzen Oteitza Lizeo Politeknikoak 60 urte daramatza pertsonak formatzen, kalitateko hezkuntza eskainiz. Batxilergoa eta Lanbide Heziketako hainbat espezializazio ditu aukeran.

Oteitza Lizeo Politeknikoak esperientzia zabala du irakaskuntzaren esparruan. 60 urte daramatza pertsonak formatzen; hau da, arreta pertsonalizatuan oinarritutako kalitatezko hezkuntza eskaintzen. «Horretarako erabiltzen dugun kudeaketa sistema, etengabeko hobekuntzan eta bikaintasunean oinarritua egoteaz gain, parte- hartzailea eta baliabide kudeaketa eraginkorra dituena da». Horren adibide da lortu berri duen ISO 14.001 ziurtagiria. Derrigorrezko Hezkuntzaren ondorengo ibilbidea eskaintzen du Oteitza Lizeoak: Batxilergoa eta Lanbide Heziketa, hain zuzen ere. Guztira, 500 ikasle inguru izaten dituzte urtero-urtero.

Batxilergoan bi arlo eskaintzen dituzte: alde batetik, Zientzien Batxilergoa, eta bestetik, Giza eta Gizarte Zientzien Batxilergoa. Arlo batean zein bestean tutoretzako talde txikiak osatzen dituzte, «jarraipen pertsonalizatua eskaintze aldera». Gainera, Ikastolen metodologia berrien jarraipena garatzeko asmoa dute hurrengo ikasturteetan.

Ikasleen parte hartzea bultzatzeari garrantzia handia ematen dio lizeoak, ikasleen aldizkariaren bidez, Agenda 21eko ekintzak antolatuz, jaien antolaketan parte hartuz eta beste jarduera batzuen bitartez. Eskualdeko herrietatik datorren ikasle kopurua altua dela kontuan izanda, garraio publikoetara egokitutako ordutegiak dituzte. Batxilergo bukaerako hautaprobetan, gainera, «oso emaitza onak» izan dituzte azken urteotan.

Era berean, ikasgaiak erakargarri egiteko jarduerak bultzatzen dituzte ikasleentzat: surf ikastaroa Soinketa ikasgaian; hizkuntz ziurtagiriak lortzeko aukera sustatzen dute, hala nola, euskaran EGA eta ingelesean First Certificate; ikasgai teknologikoetan, arlo praktikoa garatzeko aukera eskaintzen dute; eta, aisialdiko begirale titulua lortzeko ikastaroa antolatzen dute, eskola orduz kanpo.

Espezializazio ugari

Lanbide Heziketa lan merkatuarekin lotura estua duen ikasketa multzoa da, eta, gaur egun, «norbere bizitza osoan lantzeko prozesutzat jotzen da». Oteitza Lizeoak sei espezialitate hauek eskaintzen ditu: Erdi Mailan Mekanizazioa eta Instalazio elektriko eta automatikoak; eta Goi Mailan Fabrikazio mekanikoko diseinua, Mekatronika, Automatizazio eta robotika industriala, eta Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa. Aurten, lehen aldiz, enpresen eskariz, post-zikloko espezializazio bat dute: Abiadura azkarreko eta etekin handiko material berezien mekanizatu aurreratua.

Osagarri gisa, eta hizkuntzetan formazioa sendotzeko, arratsaldez Lanbide Heziketako ikasleentzat ingelesa indartzeko ikastaroak doan eskaintzen dituzte, baita EGA lortzeko prestakuntza ikastaroak ere. «Ikasleek lanbiderako gaitasuna lor dezaten, eta lan kualifikatuak eskuratu».

Lanbide Heziketako ikasketen zati garrantzitsu bat enpresetako praktikak dira. Arlo horretan, DUAL modalitatea ere eskaintzen dute, ikasi eta lan eginaz aldi berean, enpresan lan kontratuarekin eta soldatapean. Azken bi ikasturteetan DTS (Dual Teaching System) proiektu europarra gidatzen Oteitzako irakasle bat aritu da, Lituania, Portugal, Alemania eta Holandako Lanbide Heziketako erakundeekin elkarlanean.

Bekak eta berrikuntzak

Erasmus bekak ere eskaintzen dituzte, Europako herrialde batean 13 astetako lan-praktikak egin ahal izateko, eta horretarako Erasmus Charter for Higher Education 2014-2020 aitorpena dute. «Enpresekin dugun harreman estuaren adierazgarri da gure lan-poltsa propioa, 120 enpresez osatua». Azken urteetan langabetuentzako doako ikasketa bekak eskaintzen dituzte.

«Berrikuntza pedagogikoak eta teknologikoak sistematikoki bideratzen eta gauzatzen ditugu, betiere gure nortasun ezaugarriak sendotuz». Horren harira, Irakasleen Heldutasun Teknologikoan maila aurreratua lortu zuten iaz, eta gela guztiak baliabide informatikoz hornitu zituzten. Etorkizunari begira, Oteitza Lizeoaren datorren ikasturterako helburu nagusia da ikaskuntza kooperatiboa Lanbide Heziketan txertatzen hastea. Hala, ikaslea bere ikaskuntzaren protagonista izango da. Metodologia berritzaile eta aktibo hori bi espezialitateetan txertatu nahi dute; «erronka bidez diseinatuz, horretarako espazio eta ekipamendua egokituz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide