Ohiko data baino hilabete batzuk beranduago, etzi, Xoxoteko Egunez, jokatuko da VIII. Zuzenien Igoera Bertikala.
Atzo bukatu zen aurrez izena emateko epea, eta 100 lasterkarik baino gehiagok hartuko du parte proban. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azken urteetan baino parte-hartzaile gutxiago izango da proban, dataz aldatu dutelako. Dena den, egunean bertan ere eman ahal izango da izena, 08:30etik 09:30era, plazan. Dagoeneko izena emanda dauden lasterkari batzuen izenak esan dituzte antolatzaileek, eta horien artean dira joan den astean Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikaleko irabazle Iban Murua elgoibartarra eta Maite Maiora mendaroarra.
Igandean, 10:00etan aterako da lehe parte-hartzailea plazatik, eta, haren ostean, 30 segunduro aterako dira gainerako lasterkariak. Faboritoak izango dira abiatzen azkenak, minutuko tartearekin. Ohiko ibilbidea egin beharko dute: plazatik atera, eta Iturri Txiki ludotekaren ondoko eskailerak igo ostean, Xoxotera heldu beharko dute. 3.300 metroko malda du probak.
Sari banaketa Xoxote gainean egingo dute, 12:30ean. Irabazleak txapela, diru-saria eta oroigarria jasoko ditu; bigarrenak, dirua eta oroigarria; eta hirugarrenak ere bai. Lehen gizon eta emakume azpeitiarrek ere sari bana eskuratu dute. Gainera, Euskal Herriko Lasterketa Bertikalen Koparako puntuagarria izango da Zuzenien.