Ia 20 urte daramazki Anarik oholtzan
«Ia hogei urte eman ditu Anarik oholtza gainean, izen horrekin sinatutako lehen diskoa 1997an argitaratu baitzuen. Tarte horretan bera eta bere sorkuntza asko aldatu direla aitortu du (...).Ia 20 urte beteko dira lehen diskoa argitaratu zenuenetik, nola aldatu da zure sorkuntza? Nola ikusten duzu egindako bidea?
Niretzat asko aldatu da, baina kanpotik ikusita, besteek ez dakit gauza bera esango luketen. Hogei urteotan zenbat aldatu zaren zuk soilik dakizu, baina kanpokoek, agian ez dute hainbesteko aldaketa nabarituko. Norberak bere aldaketaren gainean daukan sentsazioa askoz indartsuagoa dela iruditzen zait. Ni neu asko aldatu naiz eta, gainera, saiatu naiz aldatzen. Bide bat egiten saiatu naiz, leku desberdinetara jotzen, eta disko bakoitzarekin bide horretan pausu bat aurrera eman dut. (...)
Aurrekari Penalak disko berria aurkezten zabiltza. Nahi duzun leku horretatik gertuago sentitzen zarela adierazi duzu horren harira.
Zenbait kantutan sentitu dut. Nik neure burua entzunda, inguruan ikusten ditudan gauzak… Batzuetan, ez zara heltzen zuk nahi duzun leku horretara. Izan daiteke melodiagatik ala hitzengatik, edo bien nahasketagatik, interpretazioagatik, taldeagatik… gauza asko daude tartean. Batzuetan, zerbait esan egin nahi duzu, baina ez zara heltzen. Eta alde horretatik, gustura geratu naiz disko honetako zenbait kantarekin, nire helmuga zen leku horretara gerturatu naizelako.
Emakume sortzaileek emakumeentzat soilik sortzen duzuela esaten duen topikoa apurtze aldera, zure sorkuntzak generoaren muga hausten duela uste duzu?
Ez dakit gizonek idazten dituzten kantak gizonentzat soilik idazten dituzten edo, aldiz, denentzat diren. Topikoa da esatea gizonek idazten dutena unibertsala dela, hau da, denena dela, eta emakumeek egiten duguna soilik emakumeentzat dela. Larriena zera da, emakumeok, neurri batean, sinetsi dugula hori eta, gainera, topiko horren arabera, emakumearenak gutxiago balio duela. Oso gai potoloa da, eta, egia esan, niri ere kostatu zait horretaz jabetzea. (...)».
Anari musikari azkoitiarraren elkarrizketa osorik irakurtzeko Jalgika.eus webgunera jo behar da.