Zorionekoa da Zumaiako Kanpina. Urtebete beteko du igandean, eta urteurrena ospatzeko makina bat ekitaldi antolatu dituzte astebururako. Egun handia igandea izango bada ere, larunbatean hasiko dira ekitaldiak. Gauerako bakarrizketak prestatu dituzte eta, ondoren, su artifizialak egongo dira.
Igandean goiz argituko du egunak Zumaiako Kanpinean, 10:00etan botako baitute txupinazoa. Jarraian, eta itsasgorarekin bat eginez, uretako motorretan ibiltzeko aukera izango da, baita padel surfa egiteko ere. Uretako kirol horiek eguerdira arte izango dira. Bestalde, Sastarraingo lagunek kalesa bat eramango dute, bidegorrian erabiltzeko. Horrez gain, pottokak eta zaldiak ibiliko dira kanpineko beheko gunean.
Arratsaldeko ekitaldiak umeei zuzenduta egongo dira, gaztelu puzgarriez gozatzeko aukera izango dute. Egun osoan zehar eskalada-murrua, arku-tiroa eta aurpegiak pintatzeko aukeran ere izango da. Bestalde, bertako artisauen produktuekin osatutako azoka prestatzen ari da Juan Luis Saez kanpineko jabea. Ogia, sagardoa, txakolina, gazta eta marmeladak egongo dira erosgai goizean zehar.
Ekitaldi nagusia eguerdiko bazkaria izango da, 120 lagunentzako paella erraldoia prestatuko dute-eta. Kanpineko Orrua jatetxearen atarian izango da hori, eta karpa bat jarriko dute. Paellaz gain, entsaladak, saiheskiak eta postreak osatuko dute menua. Aurrez izena ematea gomendatzen dute, honako telefonora deituta: 943-143 582.
Urte ezin hobea
Zumaiako Kanpinean «oso gustura» daude lehen urtean lortutako arrakastarekin. Izan ere, lehen mailako kanpina izanda, ospe handia lortzen ari da denbora gutxian. 550 lagun ingururi ostatu emateko ahalmena dute, eta gune berdea gailentzen da bertan, batez ere. «Kanpinean norbait aspertzen bada nahi duelako da», dio Saezek.
Izan ere, ondo pasatzea eta atsedena hartzea bermatuta daude Zumaiako Kanpinean.