Independentziaren ondorenaz

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko maiatzaren 19a

'Independentziaren osteko eguna' gaitzat hartuta, poesia errezitaldi librea eta anitza eskainiko dute igandean eskualdeko bederatzi idazlek. Ekainaren 5eko herri galdeketa babestuko dute.Oso gustukoa edo maitea duzun zerbait lortzen duzunean, nola jarr...

'Independentziaren osteko eguna' gaitzat hartuta, poesia errezitaldi librea eta anitza eskainiko dute igandean eskualdeko bederatzi idazlek. Ekainaren 5eko herri galdeketa babestuko dute.

Oso gustukoa edo maitea duzun zerbait lortzen duzunean, nola jarraitzen du bizitzak? Nolakoa izango da hurrengo eguna?». Horrela azaldu du Jose Luis Otamendi poeta azpeitiarrak datorren igandean Soreasun egingo duten poesia saioaren muina. Independentziaren osteko eguna deitu diote emanaldiari, eta eskualdeko bederatzi idazlek parte hartuko dute: Azkoitiko Iñigo Aranbarrik, Xabier Gantzarainek, Juan Karlos Merinok eta Juan Luis Zabalak; Azpeitiko Xabi Bordak, Felipe Murillok, Alaitz Olaizolak eta Jose Luis Otamendik eta Zarauzko Jon Benitok. Sanagustin kulturgunean izango da errezitaldia, 19:00etatik aurrera. Ekainaren 5ean Azpeitian egingo duten herri galdeketa babesteko ekitaldietako bat da olerkariena.

«Sormena zirikatzeko moduko» gaia aukeratu dutela azaldu du Otamendik: «Independentziaz hitz egin ohi dugu, baina hurrengo egunak ere jokoa ematen du. Aje egun bat izango ote da? Edo lanean hasteko eguna? Jendarte berri bat eraikitzen hasteko eguna?». Hamaika bidezidor dituen gaia da, eta horrexegatik aukeratu dute, «aterki zabal batenpean, bakoitzak bere lekua aurki dezan».

Gaia ez ezik, olerkien estiloa, jatorria eta forma ere desberdina izango da igandean. Izan ere, «mosaiko anitz» bat osatu nahi dute poesiekin: «Batzuek olerki propioak errezitatuko dituzte; besteek, beste egile batzuenak. Aurrez idatzitakoak izango dira batzuk; eta beste batzuk, egun horretarako bereziki sortuak». Bederatzi idazleek bina testu errezitatuko dituzte, eta beraiek ere ez dakite lagunak zer eramango duen prestatuta. «Horrek berak ere egiten du berezi emankizun hau, ez dugu entsegurik egin, eta ez dugu elkarren berri izango», adierazi du Otamendik. Gutxi gorabehera, hiru ordu laurden inguruko saioa egitea aurreikusi dute.

Parte-hartzaileei dagokionez, Otamendik esan du «bailarari begira» jarri direla, eta inguruko jendea biltzen saiatu direla. «Beti faltako da jendea, eta jakitun gara; baina, agian, honek balio dezake hurrengo batean, beste olerkari batzuekin biltzeko ere», azaldu du azpeitiarrak.

Literaturlarien ekarpena

Literaturaren bueltan dabiltzan herritarrek ere ekarpena egin nahi izan diote ekainaren 5eko herri galdeketari, eta haren inguruan sortutako mugimenduari. «Zerbait erabakitzeko bidea urratzen hasi gara, eta lehen pausoa hori da», azaldu du Otamendik. Haren arabera, «oso garrantzitsua» da urratsa, pertsona desberdinek bat egin dutelako gutxieneko baldintza batzuetan: «Ondoren, bakoitzak bere jendartea eta eredua amestuko ditu, baina hasi gara lanean».

Ekainaren 5eko galdeketan, galdera hau egingo dute: Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide