Gizakien zooak, inperializatuta zeuden kolonietan, II. Mundu Gerra arte bizirik iraun zuten. Horrek orain dela 71 urte esan nahi du; adibidez, nire aiton-amonek nahi izan balute, gizakien zoo bat bisitatu ahal izango lukete.
Gizakien zooen inguruan dugun lehen aurrekaria Moctezumak Mexikon sortutakoa da. Bertan Amerika osotik inportatutako animaliez gain «ezberdinak» ziren pertsonak zituen ikusgai.
Cristobal Colonek «Mundu berriko» indigenen erakusketa egin zuen Gaztelako gortean 1493.ean.
Errenazimentuan, Mediciek bilduma garrantzitsu bat sortu zuten. Beraien zooaren barruan hogei hizkuntza ezberdin entzun ahal zirela ere esaten zen.
Hala ere, egin ziren gizakien lehen erakusketa publikoak 1835.ean izan ziren, Joice Heth-en eskutik, eta hortik aurrera erakusketa horiek mundu osoan zehar zabaldu ziren. Bertan arraza ezberdinetako pertsonak, bestelako hizkuntzak hitz egiten zituztenak edota besteen begietan ezberdinak zirenak zeuden ikusgai.
71 urte, irakurle... 71 urte baino ez dira pasatu gizakien zooak bisitatu ahal ziren unetik gaur egunera arte.
Jolas bat proposatzen dizut...
Imajintua ezazu familia oso bat opor egun eder batean. Euren sarrerak erosten, Afrikako tribu bat ikusteko.
Familiako haurrak urduri daude eta ilusioz beteta, inoiz ez dute horrelako gauza exotikorik ikusi. Noski, telebistan bai, baina ez horren gertu... eta ... nola kendu ilusio hori haurrei... nola esan, behar bada zuk guraso bezala kritikoki pentsatzen duzuna.
Tribu hori dagoeneko kaiola horretan dago, eta zu joateak edo ez, ez du egoera hori aldatuko. Haurrentzat ere didaktikoa izan daiteke, noski... eta amaieran hitz egingo duzue, komentatuko duzue pasaeran, berez ez dela egokiena pertsona horiek hor egotea, beraien bizitokian egon beharko luketela... Noski, horiek iada kaiolan ohitutako tribua izanik, ezin direla askatasunera itzuli, gogorregia izango litzatekelako haientzako...
Eta hor jartzen zara, familia osoarekin kaiolaren aurrean.
Euren berezko bizitokia dena izugarri ongi dago irudikatuta... etxe bat dute, eta toki asko mugitu ahal izateko. Eroso daudela ematen du, bai.
Eta begiratu egiten duzu, eta bat batean Afrikako tribu bateko gizakia kaiolaren mutur batetara gerturatzen da. Zugandik oso gertu geratzen da, eta begietara begiratzen dizu. Eta begietara begiratzen zarete.
Etxera itzuli zara familikoekin. Egunaz gozatu duzue. Begirada horrek zazt! txiki bat sentiarazi dizu bihotzean, baina une txiki bat besterik ez da izan. Eta, noski, haurrek asko disfrutatu dute, nahiz eta askotan galdetu zergatik ziruditen tribu hartako kideek horren tristeak.
«Beraiek beste eguraldi batetara ohituta daudelako, eta hemen ba hotza sentitzen dutelako... Baina ikusi duzue zeinen ongi tratatzen zituen zaintzaileak. Zeinen gustura jarri diren jatekoa eman dietenean. Gustura bizi dira. Eta noski... kaiolan ohitutako tribua da, askatasunean ezingo lukete bizi, gogorregia litzateke beraientzat...»
Gaurko hau egunero animalien eskubideengatik borrokatzen dutenentzat... Animaliekiko erabiltzen dugun indarkeriak egunero zazt txiki bat sortzen didalako bihotzean. Izaki bizidunak, gu bezala animaliak, bortxatzeak sortzen didan nazka ez ahazteko. Bai baitakit hemendik 71 urtetara norbaitek artikulu hau «Animalien zoo-ak» izenburuarekin hasiko duela.