Museoek ateak irekiko dituzte

A. Larrañaga Solaberrieta 2016ko maiatzaren 18a

Gaur Museoen Nazioarteko Eguna da, eta Getariako Cristobal Balenciaga Museoak eta Zestoako Ekainberrik egitarau bereziak prestatu dituzte gaurko eta astebururakoGaur Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Cristobal Balenciaga Museoan eta Zestoako Ekai...

Gaur Museoen Nazioarteko Eguna da, eta Getariako Cristobal Balenciaga Museoak eta Zestoako Ekainberrik egitarau bereziak prestatu dituzte gaurko eta astebururako

Gaur Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Cristobal Balenciaga Museoan eta Zestoako Ekainberrin eta Lili Jauregian. Getariakoan herritarrek erakusketak doan ikusteko aukera dute, eta bisita gidatuak egingo dituzte: 12:30ean gaztelaniaz, eta 15:30ean euskaraz.

Bestalde, astebururako ere egitarauak prestatu dituzte Getariako eta Zestoako museoetan. Aurten Museoen Nazioarteko Eguneko gaia Museoak eta paisaia kulturala da. «Modu horretan, museoak inguruko paisaiari egin diezaioken ekarpenean sakondu» nahi dute.

Ildo horretan, astebururako ekitaldiak antolatu dituzte museoa bere inguruarekin lotuz. Alde batetik, Cristobal Balenciagak eta Getariako Udalak elkarlanean, larunbaterako Juan Sebastian Elkano eta Cristobal Balenciaga ezagutzeko bisita gidatua prestatu dute. Parte-hartzaileek lehenengo Balentziagaren museoa ezagutuko dute, eta gero Getariako Alde Zaharrean barrena bisita egin. 12:00etan da euskaraz, eta 16:30ean gaztelaniaz.

Bestalde, iganderako familiei zuzendutako jolasa antolatu dute Getarian. Parte-hartzaileek hainbat proba gainditu beharko dituzte. 6-12 urte arteko haurrak dituzten familientzako da.

Ekintzetan parte hartzeko izena eman behar da 943-00 88 40 telefonora deituta edo didaktika@cristobalbalenciagamuseoa.com helbidera idatzita. Jarduerak doakoak dira.

Zestoan, berriz, larunbatean Ekainberriko eta Lili Jauregiko sarreretan %50eko deskontua izango dute bisitariek eta Sortu (zure) labur artea jardueran parte hartzeko aukera dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide