Garraio publiko integrala

Maider Otamendi Tolosa, Nika Lertxundi Ibarguren, Alex Oliden Antia, Emeterio Iribar Sorazu, Aitor Arregi Eizagirre Eta Mikel Goenaga Gubia. 2016ko maiatzaren 12a

2014 urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurraldebusekin elkarlanean egindako prozesu parte-hartzaile baten ondotik, autobus zerbitzuaren eskaintza nabarmen hobetzea lortu zuen, besteak beste, gauekoa. Herritarrek beren nahi eta beharrak adierazteko auke...

2014 urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurraldebusekin elkarlanean egindako prozesu parte-hartzaile baten ondotik, autobus zerbitzuaren eskaintza nabarmen hobetzea lortu zuen, besteak beste, gauekoa. Herritarrek beren nahi eta beharrak adierazteko aukera izan zuten, eta horren arabera garraio publikoaren zerbitzuari moldaketak egin zitzaizkion.

Garraio publikoaren beharrak orokortasunean aztertu behar dira, operadore desberdinek eskaintzen duten zerbitzua egokia den aztertuz. Horregatik, beharrezkoa da, (...) ikuspuntu orokor batetik dauden beharrak identifikatu eta horien arabera behar diren neurriak hartzea, lehentasunetatik hasiz.

Gasteizko Legebiltzarrean, Euskal Sozialistak taldeak, Euskotrenen Donostiaren eta Urola KostaDebabarrenaren artean gaueko zerbitzuak zabaltzeko mozioa aurkeztu du, eta EH Bildutik osoko zuzenketa aurkeztu diogu, batez ere zalantzak ditugulako eskatzen dena benetan herritarrek eskatzen duten zerbitzua den eta zehazki zein beharrei erantzuten dien. (...)

EH Bilduren eskaera garbia da: Eusko Jaurlaritzak aztertu ditzala Donostiaren eta Urola KostaDebabarrenaren artean dauden herritarren mugikortasunerako beharrak eta proposatu ditzala hauei erantzuteko neurririk egokienak. Eta azterketa hori ez litzateke mugatu beharko asteburuetako gaueko tren zerbitzu edo kirol-ekitaldi eta ekitaldi soziokulturaletarako balizko eskaera bati erantzutera, baizik eta, lehentasun osoz, egunerokotasunari erantzuteko.

Baina azterketa hori ez da soilik errentagarritasun ekonomiko terminotan egin behar. Errentagarritasun soziala eta, nola ez, ingurumen-errentagarritasuna ere kontuan izan beharko lirateke. Hipotesiez betetako azterketa bat ez da nahikoa. (...)

Horrelako zerbitzu bat ezarri aurretik herritarren eskaerak eta beharrak zeintzuk diren ondo aztertu behar dira. Eta ez hori bakarrik, garraioaren antolaketa egokiena zein den aztertu behar da herritarrekin, ze garraio eredu bultzatu nahi dugun erabaki. Eta EH Bilduren apustua horretan garbia da, mugikortasun jasangarri baten aldeko apustu irmoa egiten dugu, eta hori bermatzeko ahal den bitarteko guztiak jarri behar dira.

Euskal Sozialistak legebiltzar taldeak egiten duen Gautren zerbitzuaren eskaera baino lehentasun handiagokoa dela iruditzen zaigu egun dagoen tren zerbitzuaren hobetzea, batez ere, Deba-Zumaia arteko zerbitzuan. Edo, egunerokotasunean, herritarrek garraiobide publikoaren aldeko apustua egitea erraztea. (...)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide