Mende laurdena ospatuko du Uemak gaur, Aizarnazabal sorterrian

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko maiatzaren 5a

Duela 25 urte sortu zuten Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea hemeretzi udalerrik. 73 udalek osatzen dute, gaur egun, Uema; tartean dira eskualdeko zortzi.25 urte arnasguneei bide emanez. Gaur ospatuko du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urtemuga, ...

Duela 25 urte sortu zuten Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea hemeretzi udalerrik. 73 udalek osatzen dute, gaur egun, Uema; tartean dira eskualdeko zortzi.

25 urte arnasguneei bide emanez. Gaur ospatuko du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urtemuga, bere sorterrian: Aizarnazabalen. 19:00etan da ekitaldia, Herri Eskolan. Izan ere, herri horretan bildu ziren lehen aldiz Uemako hemeretzi udalerri, 1991ren maiatzaren 5ean; gaur 25 urte, hain zuzen. Euskaraz bizi nahi zutela aldarrikatu zuten. Erakundea osatzeko, 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkarteak jarritako mozioa garrantzitsua izan zen. Haiek eskatu zuten euskara hutsean aritzea udaletan. Euskal Herri osoko 32 udaletan onartu zuten mozio hori.

Gaur egun, 73 udalerrik osatzen dute lurgunea; alegia, 200.000 biztanle inguruk. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako udalerriak biltzen dituen mankomunitate bakarra da Uema. Biztanleen %70 baino gehiago euskaldunak dituzten udalerriak dira Uemako kideak.

Urola Kostako zortzi udalerri daude mankomunitatean: Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Errezil ere mankomunitateko kide izan zen, baina diru arazoengatik utzi zuen.

Aurrera begira

Bidean urrats ugari egin badituzte ere, duela 25 urte udalak guztiz ziren arrotzak herritarrentzat, ez baitzegoen baliabide eta ohiturarik haietan euskaraz jarduteko.

Hastapenetan, udalak eta herriak euskalduntzea zuen helburu Uemak, baina 20 urte bete zituenean, lan-ildo berriak finkatu zituzten. Herriak euskalduntzen jarraitzea, bizilagunak kontzientziatzea eta udalerri euskaldunak babestea.

Zaintzatik haratago ere, lurgunea zabaltzen joatea du xede mankomunitateak, arnasguneei, euskaraz bizi diren udalerriei, horretarako bide emanez. Udal ordezkariekin osatutako zuzendaritza batzordea du Uemak, tartean dira eskualdeko lau ordezkari: Josu Labaka Azpeitiko zinegotzia (EH Bildu) da lehendakaria; harez gain, honakoek osatzen dute batzordea: Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea (EAJ), Manuel Labaka Beizamako zinegotzia (independientea) eta Nekane Iribar Zarauzko zinegotzia (EAJ).

Espainiako oztopoak

Uemak zenbait oztopo aurkitu izan ditu bidean, hasieratik. Ez dira salbuespena eskualdeko udalak ere. Azpeitian eta Zestoan lanpostuetarako hizkuntza irizpideak erabiltzeagatik jarri zituen salaketak Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak. Beizaman, aktak euskaraz egiteagatik; eta, azkena, Zarautzen, erabilera plana abian jartzeagatik. Dena den, euskara irizpideekin aurrera egitea erabaki dute udalerriek kasu guztietan.

Joan den urtean Zumaian eginiko zuzendaritza batzordearen bileran Euskal Herri osoko hautetsiek erabaki zuten bide berari jarraituko ziotela, esaterako, aktak euskara hutsean bidaltzen jarraituko zutela. Beraz, hala egin dute eskualdean ere.

Instituzionala eta herrikoia

Ekitaldi instituzionala eta herrikoia egingo dituzte, beraz, datozen asteetan. Gaurko ekitaldian hitza hartuko dute, esate baterako, Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak, Josu Labaka Uemako lehendakariak, Kontxi Gabantxo lehendakari ohiak, Iratxe Ibarra eta Miren Segurola langileek. Horrez gain, musika, bertsoa eta halakoak izango dira entzungai. Aipamen berezia egingo diote, gainera, Iñaki Arregi zenari. Arregi Uemako koordinatzailea izan zen.

Leitzan (Nafarroa) Uema eguna ospatuko dute ekainaren 28an. Egun osoko egitaraua izan ohi du udalerri euskaldunen egunak, urtero. Halere, berezia izango da aurtengo edizioa, 25 urteak ospatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide