Igandean hasiko da Gipuzkoako pilota txapelketa; Aia Arrasateren aurka lehiatuko da, eta Zestoa Asteasuren kontra. Azkoitia eta Azpeitia bigarren txandan hasiko dira.
Gipuzkoako herriarteko eskuzko pilota txapelketako partidak hasiko dira asteburu honetan eta hurrengoan. Eskualdetik, honako taldeek parte hartuko dute: Aia, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoak. Aiak eta Zestoak final hamaseirenak jokatu beharko dituzte. Arrasateren aurka aiarrek, eta Asteasuren kontra zestoarrek. Azkoitiko eta Azpeitikoak, ordea, final zortzirenetan sartuko dira lehiara. Maiatzaren 22an eta 29an jokatuko dituzte bi udalerri horietako ordezkariek partidak.Joan den astean izan ziren lehiaketaren aurkezpena eta zozketa Donostian. Bertan izan ziren, besteak beste, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Mikel Arregi Ertxin Gipuzkoako pilota federazioko lehendakaria.
Azken prestaketa lanekin ari dira pilota elkarteak, eta oraindik ez dute guztiz seguru zer pilotari lehiatuko diren txapelketan. Beti legez, kadeteek, jubenilek eta nagusiek parte hartuko dute herriartekoan, guztiak ordezkatzen duten udalerrian egon behar dute erroldatuta.
Joan den urtean Azpeitiko Ilunpe pilota elkarteko kideek irabazi zuten Gipuzkoako herriarteko txapela, baita Euskal Herrikoa ere. Hori dela-eta, aurten ere azpeitiarrak dira txapelketa irabazteko faboritoetako batzuk. Finalerdiak ekainaren 19an eta 26an izango dira, eta finala uztailaren 3an, Donostiako Atano III.ean.
Bestalde, pala eta zesta-punta ligaxka egingo dute datozen asteetan. Pala txapelketan ez da eskualdeko ordezkaririk izango; zesta-puntako ligaxkan, berriz, Zumaiak jokatuko du. Lau partida jokatuko dituzte zumaiarrek: Donostiaren aurka, maiatzaren 15ean; Mutrikuren kontra, maiatzaren 29an; ekainaren 5ean, berriro Mutrikurekin eta hilaren 19an, Donostiarekin. Joan-etorrikoak dira partidak, Mutrikuren kontra etxean jokatuko dute lehen itzulian, eta alderantziz Donostiaren aurka. Finala, uztailaren 2an jokatuko da Zumaiako Aitzuri frontoi berrian.
GRAVNI, Azpeitira
Txapel bana lortu dute Jon Alberdik eta Daniel Murgiondok GRAVNI pilota txapelketan. 22 eta 10 irabazi zuen Alberdik Gipuzkoa ordezkatuz, Nafarroaren kontra. Murgiondo, berriz, binakakoan lehiatu zen, Urbietarekin, Bizkaiaren kontra: 22 eta 16 irabazi zuten.