Legebiltzarrak ez du onartu gaueko tren zerbitzua jartzeko eskaera

Urola Kostako Hitza 2016ko apirilaren 28a

PSE-EEk Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako proposamenak aldeko 25 boto jaso zituen eta aurkako 47. Horren aurrean, EAJ eta EH Bilduren jarrera «ulertezina» dela adierazi du Patxi Elola PSE-EEko legebiltzarkideak eta Zarauzko zinegotzi ohiak. Deba...

PSE-EEk Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako proposamenak aldeko 25 boto jaso zituen eta aurkako 47. Horren aurrean, EAJ eta EH Bilduren jarrera «ulertezina» dela adierazi du Patxi Elola PSE-EEko legebiltzarkideak eta Zarauzko zinegotzi ohiak. Deba-Donostia zatian asteburuetan eta kirol nahiz kultura jarduera garrantzitsuetan gaueko tren zerbitzua jartzeko eskatu zuen PSE-EEk. Legebiltzarrean hartutako erabakiarekin, Deba-Donostia arteko udalerri garrantzitsuenek 2014an egindako eskaerari ez diote jaramonik egin, Elolak adierazi duenez.

EAJk eta EH Bilduk, aldiz, ordezko proposamen bat aurkeztu zuten, beharraren inguruko ikerketa bat egiteko eskatuz. PSE-EEren iritziz, euren iritzia ez emateko aitzakia da. Izan ere, «duela hiru urte bideragarritasun ikerketa egitea onartu zen, eta, orduan, EAJk aldeko botoa eman zuen eta koalizioa abstenitu egin zen».

Era berean, EAJ eta EH Bilduren jarrera «inkoherentea» dela kritikatu du Elolak: «Zumaian eta Zarautzen gaueko trenaren alde egiten den bitartean, Legebiltzarrean kontra egiteak ez du zentzurik».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide