Gardenfest, 25. urteurrena ospatzeko

Urola Kostako Hitza 2016ko apirilaren 27a

Kimu Bat paisajismo enpresak lorezaintza-zentro berria aurkeztu du 25. urteurrenean. Azpeitiko instalazioak eraldatu dituzte, ingurumen eta bioaniztasun gaiak lantzeko espazio didaktikoak sortuz eta lorategi zein baratzerako produktuak eskaintzen ditue...

Kimu Bat paisajismo enpresak lorezaintza-zentro berria aurkeztu du 25. urteurrenean. Azpeitiko instalazioak eraldatu dituzte, ingurumen eta bioaniztasun gaiak lantzeko espazio didaktikoak sortuz eta lorategi zein baratzerako produktuak eskaintzen dituen denda eraberrituz.

Lan-sozietatearen urtebetetzea ospatzeko, apirilaren 30ean Gardenfest jaialdia egingo dute. Barbakoa, zozketak, haurrentzako tailerrak eta txokolatada izango dira, baita %25eko deskontua ere dendako produktuetan. Goizeko 11:00etatik 13:00era barbakoa eta zozketak egingo dira, eta arratsaldez, 16:00etatik 18:00-etara, umeentzat jolasak.

Urrestilarako bidean dagoen Garden berrian lorezaintzarako, baratzerako eta lorategi nahiz terrazen dekoraziorako produktuen eskaintza zabala dago. Gainera, espazio berezia dute gertuko ekoizleek landutako artisau- elikagaiek.

Kimu Baten instalazio berrietan, ikastaroak eskaintzeko espazioa sortu dute. Gainera, landare bizikorren lorategia dago; lorezaintza-eredu jasangarriagoa lantzen ikasteko eremua, hain zuzen. Horrez gain, enpresako ureztaketa-beharrak asetzeko eta hondakin-urak garbitzeko fitoarazketa putzuak sortu dituzte, hezegune naturalen eredua jarraituz. Sistema horren funtzionamendu egokia ikusita, beste gune batzuetan ezartzeko aukerak aztertuko dituzte.

Konpromiso soziala

Kimu Baten konpromiso sozialaren adibide da Hernanin duela bi urte abiarazitako Karabeleko ekonekazaritza etxaldea. Agifes elkartearekin eta Blasenea mintegiarekin elkarlanean bultzatutako etxalde esperimentala aurrendaria da kantauriar isurialdean, ekonekazaritzaren arloan; eta helburu ditu biodibertsitatea eta elikadura ekologikoa suspertzea, baita kolektibo bereziak gizarteratzea ere.

Halaber, Gipuzkoako baratze-parkeetara iristen da Furgobaratza, baratzezaintza ekologikoaren inguruko ikastaroak eskaini eta landare anitz banatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide